Familia eta lana bateratzearen kostuak eta etekinak kalkulatzeko tresna informatiko bat sortu du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: lunes, 14 noviembre 2011 12:07

DONOSTIA, 14 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren webguneak aplikazio berri bat dauka (www.euskadi.net/bateratu+), eta horri esker, familia, lana eta bizitza pertsonala bateratzeko neurriak ezartzeak eragingo lituzkeen kostuak eta etekinak kalkulatzeko aukera izango dute langile eta enpresaburuek.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Donostian aurkeztu du gaur Bateratu+ tresna informatiko berria; bateratzea sustatzeko garatzen ari den ekimenetako bat da. Bateratu+ aplikazioa enpresen, sindikatuen, langileen eta autonomoen esku egongo da, familia, lana eta bizitza pertsonala bateratzeari buruzko informazioa eta hausnarketa sustatzeko.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak lortu nahi du, epe ertainera, Bateratu+ tresna kontsultarako erreferentzia bihurtzea pertsona nahiz enpresentzat, betiere bizi-kalitatea hobetuko duen lana antolatzeko eredu bat bilatu nahi izanez gero. "Administrazio bakar batek ere ez du horrelako apustu handirik egin", nabarmendu du Zabaletak interneteko atari berriaren aurkezpenean.

Bateratu+ webgunearen diagnostiko-tresna horretan, lehen urratsa galdera sorta bat betetzea da eta, horren bitartez, enpresaren abiapuntuko egoera balioesten da, bateratzeko neurrien aplikazioari dagokionez; horretaz gain, enpresaren premiak ere identifikatzen dira. Berriki egiaztatu dugunez, enpresa askok ez dituzte bateratze-neurriak aplikatzen ez dutelako neurri horien berri; egoera hori ikusirik, Bateratu+ aplikazioaren beste bloke batean gehien erabiltzen diren bateratze-neurriei buruzko informazioa eskaintzen da. Esaterako, malgutasuna ordutegian eta espazioan, adingabeak eta inoren laguntza behar duten aurrekoak zaintzea.

Ildo beretik, Bateratu+ aplikazioak hainbat formula eskaintzen ditu langile eta enpresen premietara egokitutako lanaldia finkatzeko, betiere bi aldeen mesedetan. Ordutegi malgua, otorduetarako denbora murriztea, lanaldi konprimitua, lanaldi trinkoa udan, job sharing edo lanaldi partekatua eta ordu-poltsa dira formuletako batzuk.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren tresna informatiko berriari esker, langileek edo enpresaburuek bateratzeko legezko neurrietako edozein aplikatzearen kostu errealak eta etekinak kalkula ditzakete; adibidez, amatasunagatiko edo aitatasunagatiko baimena eskatu duten langileen ordezkoak kontratatzearen kasua, edo ikastaro bat egiteko soldatarik gabeko baimena eskatzen duten langileen ordezkoak kontratatzearen kasua. Webgunean kasu guztiak agertzen dira. Azkenik, laguntzak eskatzeko izapide guztiak on line egiteko aukera ematen du atariak.

LAGUNTZAK

Aurten, lehen hamar hilabeteetan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 26.713 laguntza onartu ditu dagoeneko lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko, eta guztira 26,74 milioi euro ordaindu ditu.

Hiru laguntza mota daude: adingabeak zaintzeko eszedentzia eta murrizketak, inoren laguntza behar dutenak zaintzeko eszedentzia eta murrizketak, eta zaintzaileak kontratatzea; hiru mota horien artean, lehena da eskaera gehien izaten dituena. Hain justu, mota horretako 25.962 aldeko espediente ebatzi dira eta horietako % 93 emakumeei zegozkien. Beste 391 espediente inoren laguntza behar dutenak zaintzeko eszedentzia eta murrizketekin loturikoak dira eta beste 360 zaintzaileak kontratatzeko.

Laguntza-programa horretaz gain, EAEko hainbat enpresatan ordutegi-aldaketako plan pilotua abiarazi zen, baita hiru urte bitarteko haurtxoak zaintzeko haur-etxeak ere; hiru proiektu horien xedea enpresen lehiakortasuna eta langileen bizi-kalitatea hobetzea da.

Hein handi batean, bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea laneko denbora antolatu eta banatzearekin loturik dago, baita denbora hori baliatzeko moduarekin ere. Sailak apustu sendoa egin du lan-harremanen kontzeptu malgua lortzeko eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateratzeko neurri horiek ildo horretan sartzen dira, betiere gizonen eta emakumeen berdintasuna eta familia-erantzukizunen banaketa orekatuagoa oinarri hartuta.

"Gizarte-kohesioaren maila handiagoa eta hazkunde iraunkorraren, enpleguaren eta lehiakortasunaren maila handiagoak lortzeko aldez aurreko baldintzak dira", aipatu du Gemma Zabaletak. Bere ustez, aldaketarekiko konpromiso hori lan-eremuko agente sozioekonomiko guztiekin partekatu beharko litzateke.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzorde Nazionalak Ordutegiak Arrazionalizatzeko Espainiako VI. Biltzar Nazionala antolatu dute ildo horretan sakontzeko, eta Biltzarra bihar hasiko da, Donostian.