FANT zinemaldi fantastikoak 1.056 film jaso ditu, iaz baino 125 gehiago

Aurtengo kartela
FANT
Actualizado: viernes, 23 marzo 2018 12:00

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT zinemaldi fantastikoak maitzaren 4tik 11ra izango du 24. edizioa, eta, lanak aurkezteko epea amaitu ondoren, 1.056 film jaso ditu, iaz baino 125 gehiago. Filmak mundu osoko 50 herrialdetatik heldu dira, antolakuntzak jakinarazi duenez.

FANT zinemaldiak berriro banatuko ditu epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren film laburrentzako 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenarentzako 2.000 euroko sariarekin. Horrez gain, aurtengo edizioan 1.500 euroko saria izango da Panorama Fantastiko Laburreko Film Labur Hoberenarentzat.

"Bilboko Udalak film labur formatua bultzatzeko aurrera daraman jarduketa ildoa indartzen duten lau sari dira, hori baita zinemaldi fantastikoaren nortasun ikurretako bat", azaldu dute.

Berrikuntza gisa, FANTen hurrengo edizioak ekarpen ekonomikoa gehituko die film luzearen alorreko sariei. Horrela, Sailk Ofizialeko Film Luze Hoberenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze Hoberenak 2.250 euro. Modu honetan, Panorama Fantastiko Saileko sarietara bideratzen diren ia 4.000 euroekin, "berretsi egiten da zinemaldiak eta Bilboko Udalak zinemagile gazteen lanaren alde egiten duten apustua".

Halaber, Euskal FANT Laburrean Saileko Antzezpen Hoberena lehen aldiz sarituko duen Euskal Aktoreen Batasunaren Saria emango da. Sari horren aukeraketa Euskal Aktoreen Batasunak berak izendatutako epaimahaiaren esku egongo da.

Bestalde, Sail Ofizialerako epaimahaia osatuko duten pertsonak ezagutarazi ditu zinemaldiak: Joanes Urkixo idazle eta gidoilaria, Koldo Almandoz zinemagilea eta Janire Zurbano zinean espezializatutako kazetaria. Panorama saileko epaimahaiari dagokionez, Daniel Romero zinemagileak, Mentxu Sesar bideoklip, film labur eta dokumental zuzendariak eta Vanesa Fernández Guerra Ikus-entzunezko Komunikazioan doktore eta Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari berriak osatuko dute.