FANT zinemaldira filmak aurkezteko epea zabalik da

Actualizado: jueves, 17 diciembre 2015 12:25

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 22. ediziora lanak aurkezteko epea ireki du 2016ko martxoaren 15era arte. Zinemaldia bera maiatzaren 6tik 13ra bitartera ospatuko da, eta aurtengo edizioan ere, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari ematen zaion 2.000 euroko sariarekin jarraituko da.

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, film laburren alorreko hiru sari horiek ezin daitezke banatu barik geratu, eta Bilboko Udalak zinemagile gazteen lanari laguntzeko hasi duen lana indartzea dute helburu, hori baita FANTen nortasun ikurretako bat.

   Sari horiez gain, FANTen hurrengo edizioak diru saririk ez duten baina erreferentziazkoak diren sariekin jarraituko du: sail ofizialeko genero fantastikoko Film Luze Hoberenaren Saria, filmaren egileari emango zaiona, eta Fantrobia Saria, azken urteetan zine fantastikoaren barruan gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari emango zaiona.

   Horrez gain, beste urte batez, Sail Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien sari hauekin ere jarraituko da: Gidoi Hoberenaren Saria, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena, eta Zuzendaritza Berritzaileenari ematen zaiona, FAS Zine Klubaren eskutik.

FILM LABURRAK SAKELAKOAREKIN

   Berrikuntza gisa, FANTen hurrengo edizioak sakelako telefonoarekin grabatutako fantasiazko edo beldurrezko film laburren lehiaketa berria izango du. Proposamen bakoitzak gehienez hamar minutuko iraupena izango du eta oinarrietan adieraziko diren kalitateari eta formatuari buruzko zenbait betekizun bete beharko ditu.

   Zinemaldiaren antolatzaileek, aurreko urteetan egindako trailer faltsuen lehiaketa ordezkatuko duen lehiaketa berri hori martxan jartzea erabaki dute, partaideek, gaur egun, baliabide xumeekin, baina irudimen handiarekin, istorio bikainak konta daitezkeela erakutsi dezaten.

   Lehiaketa honetatik aukeratzen diren film laburrak FANT 2016ko saio batean emango dira. Saioa amaitu ondoren, ikus-entzuleek zuzenean bozkatuko dute, eta boto gehien jasotzen duen lanak 750 euroko saria jasoko du. Zinemaldiko epaimahaiak 1.500 euroko beste sari bat ere emango du.

   Kasu guztietan, ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2016ko martxoaren 15a izango da. Materialak lehiaketara aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den gainerako informazio guztia, zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke: www.fantbilbao.eus