FANTek apirilaren 8ra arte luzatu du sakelakoarekin egindako film laburren lehiaketan lanak jasotzeko epea

Aurtengo edizioko kartela
FANT
Actualizado: jueves, 3 marzo 2016 11:30

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak apirilaren 8ra arte luzatu du sakelako teelfonoarekin grabatutako film laburren lehiaketa berrian lanak jasotzeko epea. Zinemaldiaren 22. edizioa maiatzaren 6tik 13ra bitartean ospatuko da, eta "Bilbo fantasiazko eta beldurrezko generoaren erdigune bilakatuko du berriro ere", antolakuntzak adierazi duenez.

   Halaber, FANTek datorren ediziorako irudia ere aurkeztu du. Bertan, "esku pilotaren tradizioa odolez bustiko da eta pilotalekua gore eszenatoki bilakatuko du". Pilotaren ordez odolez betetako begia erakutsiko du, "eta esku beldurgarria baino erakusten ez duen pilotaria gure zeremonia maisua izango da, ikus-entzuleari zinemaldiaren edizio berrirako bidea erakutsiz".

   Berrikuntza gisa, FANTen hurrengo edizioak sakelako telefonoz grabatutako fantasiazko edo beldurrezko film laburren lehiaketa abiarazi du Movistar+ plataformaren babesarekin. Proposamen bakoitzak hamar minutuko iraupena izango du gehienez, eta oinarrietan ezarriko diren kalitate eta formatu eskakizun jakin batzuk bete beharko ditu.

   FANT zinemaldiaren antolatzaileek lehiaketa berri hori martxan jartzea erabaki dute, parte hartzaileek aukera izan dezaten baliabide gutxirekin baina irudimen askorekin ere istorio bikainak konta daitezkeela erakusteko.

   Aukeratzen diren film laburrak FANT barruan programatutako saio batean eskainiko dira. Saio hori amaitu ondoren, ikus-entzuleek zuzenean bozkatuko dute, eta boto gehien jasotzen dituen lanak 750 euroko saria irabaziko du. Horrez gain, zinemaldiko epaimahaiak 1.500 euroko beste sari bat emango du. Ekimenak Movistar+ plataforma multimediaren laguntza izango du.

   Halaber, zinemaldiak betiko sariak ematen jarraituko du: epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film labur hoberenak (bakoitzak 3.000 euro), eta epaimahaiak erabakiko duen euskal film labur hoberena (2.000 euro). Sari horiei, film luzeei emango zaizkien ohorezko sariak gehituko zaizkie, Sail Ofizialeko Film Luze Hoberenari eta azken urteetan fantasiazko generoan garrantzia hartuz joan den pertsonari ematen zaion Fantrobia saria, hain zuzen ere.