Fas zineklubak eta Golem zinema aretoak "Toni Erdmann" filma eskainiko dute asteartean Bilbon

"Toni Erdmann" Filmeko Bi Protagonistak
FAS ZINEKLUBA
Actualizado: lunes, 16 enero 2017 11:36

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Fas zineklubak eta Golem zinema aretoak Maren Ade zuzendari alemanaren "Toni Erdmann" filma eskainiko dute asteartean, urtarrilaren 17an, 20:00etatik aurrera, Golemen 1. aretoan. Emanaldia jatorrizko bertsioan izango da, eta sarrera dohainik Fas zineklubaren bazkideentzat; gainontzekoek zinema aretoaren sarrera arrunta ordaindu beharko dute.

Filmaren estreinaldia 2016ko Canneseko Zinemaldian izan zen. Bertan Fipresci saria jaso zuen historiaren puntuaziorik gorena izan ondoren. European Film Awards bost sari irabazi zituen atal nagusietan, eta hurrengo Oscar sarietan ere hautagai garrantzitsuenetakoa izango da ingelesa ez den hizkuntzan egindako filmik onenerako.

"Toni Erdmann" filmak Winfried aita bezala duen ardura irudikatzen du. Bere alaba Inesen bizimodu estresanteaz arduratuta dago, sakelako telefonoari zintzilikatuta bizi baita, enpresa handi batean zuzendari bezala lan egiten duen bitartean. Alabarentzat ez da erraza bidea irekitzea gizonezko enpresa munduan. Winfried alabari beste mundu bat erakutsi nahi dio, lanetik at bizitza badagoela, hain zuzen ere. Orduan, aitak Toni Erdmann xelebrearen mozorroa jartzea erabakitzen du Inesen zirkulu sozialean sartzeko, eta, bide batez, giza talde horrek dituen balioak hankaz gora jarriko ditu.

Bien arteko harreman bereziak sortaraziko duen giro tirabiratsuak aukera ederra eskaini die bi aktoreei euren interpretazioengatik sarituak izateko. Horrela, Peter Simonischek eta Sara Hullerrek aktore onenen sariak jaso zituzten azken European Film Awards sarietan, eta Maren Adek ere zuzendari, gidoi eta pelikula onenaren sariak jaso zituen.

"Toni Erdmann" Maren Aderen (Karlsruhe, Alemania, 1976) bosgarren filma da. Fas zineklubak 2011ean bere bigarren pelikula eman zuen, "Alle anderen" (2009). "Toni Erdmann" filmarekin, zuzendari aleman gaztea komediara hurbildu da "inongo doitasunik galdu gabe".