Federico Lechner argentinarraren hirukoteak jazza eta tangoa batuko ditu Bilbon gaur eta bihar

Federico Lechner Tango & Jazz Trio
BILBAO 700 FUNDAZIOA
Actualizado: viernes, 27 mayo 2011 16:15

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Federico Lechner pianista argentinarra buru duen hirukoteak jazzaren melodiak eta Argentinako tango onena nahastuko du gaur eta bihar Bilboko Domine Hotelean, "365 Jazz Bilbao" zikloaren baitan hoteletan egingo den denboraldiko azken kontzertuetan. Bi emanaldiak gaueko 22:45ean hasiko dira, zikloaren antolatzailea den Bilbao 700 Fundazioak jakinatazi duenez.

Federico Lechner Tango & Jazz Trio taldeak hamar urte daramatza Europa, AEB eta Argentinan jotzen. Taldea musikaren laborategi gisa jaio zen jazzaren eta tangoaren munduak nahastean. Horretarako, ohiko hainbat tango, jazzaren zenbait estandar nabarmen eta doinu orijinalak erabiltzen ditu, fusioaren espiritutik osatutakoak.

Hirukotearen lana disko bitan islatuta dago: "Estela" (2008) eta "Beboponga" (2009). Halaber, zenbait kontzertu eskaini ditu telebista kanaletako hainbat musika-programatarako, esate baterako, Telecinco-ren "Fusión Sonora" edo TVGren "Noites de Jazz" saioetarako.

Lechner aspalditik ezaguna da, izen handiko musikariekin jo baitu: Jorge Pardo, Antonio Serrano, Chano Dominguez, Perico Sambeat, Javier Colina, Miguel Angel Chastang, Pedro Ruy Blas, Bob Sands, Ximo Tebar, Israel Sandoval, Chema Saiz eta abar luze bat. Gainera, nazioarteko artistekin lankidetzan sarritan jardun du eta dihardu oraindik, besteak beste, Jerry Gonzalez, Christian Howes, Sonny Fortune, Ugonna Okewo edo Rez Abbasirekin. Bere kolaborazio ugariez gain, artista gisa sei disko argitaratu ditu.