Felix Goñi EHUko katedraduna Espainiako Biofisika Elkarteko ohorezko kide izendatu dute

Felix Goñi EHUko katedraduna
EHU
Actualizado: lunes, 20 junio 2011 19:07

BILBO, 20 Jun. (EUROPA PRESS) -

Felix Goñi Euskal Herriko Unibertsitateko Biofisika Unitateko (CSIC-UPV/EHU) zuzendari eta Biofisika Bizkaia Fundazioko presidentea Espainiako Biofisika Elkarteko ohorezko kide izendatu dute berriki erakundeak Murtzian egin duen biltzar nazionalean.

EHUko iturriek adierazi dutenez, Felix Goñi irakaslea Espainiako Biofisika Elkarteko kide sortzaileetako bat izan zen; elkartea 1986an sortu zuten eta Goñi presidente izan zen 1993tik 1998ra arte. Gaur egun erakundeak 350 kide inguru ditu eta, besteak beste, biofisikan zientzia diziplina gisa egon diren aurrerapenetan sakontzeko urtero biltzarrak antolatzeko betebeharra du, estatuan zein nazioartean (Iberoamerikan, Europan eta Espainia eta Portugal artean).

Une honetan, Espainiako Biofisika Elkarteak ohorezko zortzi kide ditu, Dennis Chapman Londresko Unibertsitateko irakasle entzutetsuari ohorezko aipamen hori eman ziotenetik. Chapman Goñiren irakaslea izan zen.

Elkarteak Murtzian egin duen biltzar nazionalean Manuel Prieto irakaslea ere ohorezko kide izendatu dute; Prieto Lisboako Goi Institutu Teknikoko irakaslea da, eta Portugaleko Biofisika Elkarteko lehen presidentea izan zen.

Izendapen honez gain, EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak beste hainbat aipamen ere baditu. Ikerketako Euskadi Saria eskuratu zuen 2002an, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zenbakidun adiskidea ere bada (2003); halaber, Argentinako Cordobako Unibertsitate Nazionaleko ohorezko irakaslea da (2005). Joan den udatik Ameriketako Estatu Batuetako Biofisika Elkarteko Nazioarteko Harremanetarako batzordeburua da.

Felix Goñi irakaslea (Donostia, 1951) Medikuntzan eta Kirurgian doktore da Nafarroako Unibertsitatean (1975). Londresko Unibertsitatean doktoretza ondorengo ikasketak egin zituen (Royal Free Hospital). 1978an EHUn hasi zen lanean; Zientzia eta Teknologia Fakultatean Biomintz Taldea izango zena garatzen hasi zen, eta 1999tik, berriz, Biofisika Unitatea. Zelula mintzetan, molekula arteko elkarrekintza ikertzen du.

Sei liburu eta 282 artikulu argitaratu ditu, eta mundu osoko unibertsitateetara eta nazioarteko biltzarretara gonbidatu dute hitzaldiak ematera eta bilkuretan parte hartzera. Hiru patenteren egilekidea da, eta 16 doktoretza tesi zuzendu ditu.

Zenbait lanen argitalpen kontseiluetako kide da, besteak beste, "Journal of Liposome Research", "Biochimica et Biophysica Acta", "Chemistry and Physics of Lipids" eta "Journal of Chemical Biology". Halaber, 'Derecho y Genoma Humano' aldizkariko erredakzio batzordeko kide ere bada, eta nazioarteko hainbat biltzarretan zientzia batzordeko kide izan da.

Biophysical Society elkarteko biltzar bat antolatzeko ardura izan zuen lehen atzerritarra izan zen, eta Baltimoren (Maryland, AEB) egin zen 51st Annual Meeting of the Biophysical Society (2006) biltzarrean programa batzordeburu izan zen.

Kudeaketa lanei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako zuzendaria izan zen, eta 2006tik FEBSeko (Federation of European Biochemical Societies) argitalpeneko batzordeburua da.