Feministaldiak egitarau oparoa eskainiko du Donostian datorren astean

Feministaldia aurkeztu dute
DONOSTIA 2016
Actualizado: viernes, 9 diciembre 2016 13:10

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak Feministaldia Kultura Feministaren Jaialdia antolatuko du abenduaren 12tik 18ra bitartean Donostian eta, "#Plaza" lelopean, hitzaldi, mahai inguru, film emanaldi, dj eta kontzertuek eskainiko ditu.

Feministaldiaren hamaikagarren edizioa aurkeztu du ostiral honetan Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak, Donostia 2016ren eta Tabakaleraren kolaborazioarekin, eta Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile dituela.

Aste osoko egitarau zabala izango da Donostiako Kultura Feministaren Jaialdian. Gerturatutakoek, hitzaldi, mahai inguru, film emanaldi, dj eta kontzertuez gozatzeko aukera izango dute, besteak beste. Azken hamarkadan egin bezala, kultura eta politika garaikidearen adierazpen hauek guztiak ikuspegi feminista batetik lantzea izangu dute helburu.

Besteak beste, antolatzaileek ekonomia feminista ardatz izango duen mahai ingurua, Silvia Federici eta Amaia P. Orozcoren eskutik; Estatugintza Feministaren inguruko hitzaldiak Jule Goikoetxea eta Onintza Enbeitak emanak edota Christina Rosenvingeren hitzaldi zein kontzertua nabarmendu dituzte.

Aurtengo leloa "#Plaza" izango da, antolatzaileek azpimarratu bezala, "historikoki emakume zein beste gorputz disidenteei ukatutako gunea izan delako, eta Feministaldiaren oinarrizko helburuetako bat hori berreskuratzea izan delako". "Plaza agentzia eta ahalmen leku gisa ulertzen dute, eraldaketarako eta aukeraz betetako leku gisa, bertara salto egiteko, hitza hartzeko, egunez zein gauez hartzeko leku gisa, plaza segurua, plaza politikoa", azaldu dute.

Modu honetan, astelehenetik igandera bitartean ospatuko da jaialdia eta ekitaldiak Tabakaleran eta Guardetxean egingo dira. Egitaraua Feministaldiaren (feministaldia.org) eta Donostia 2016ren (dss206.eu) web orrialdeetan egongo da ikusgai.