Fermin Etxegoien eta Jose Fernandez de la Sota ariko dira bihar "Eztabaidak literaturarekin" saioan, Bilbon

Actualizado: lunes, 17 enero 2011 13:02

BILBO, 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolaturiko "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak bere laugarren denboraldia hasiko du bihar, 2010ean Euskadi Literatur Sariak irabazi dituzten Fermin Etxegoien oñatiarraren eta Jose Fernandez de la Sota bilbotarraren partaidetzarkein.

Elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingoan, Cesar Coca kazetari, idazle eta unibertsitateko irakaslea izango da ekitaldiaren moderatzailea.

Antolatzaileek adierazi dutenez, denboraldi berriko lehen hitzordu honetan, "Eztabaidak literaturarekin" egitarauak "Literaturarako bizi vs. Literaturatik bizi" gaia proposatuko du, hau da, literatura lanbide gisa, bizitza aurrera ateratzeko bide gisa edo literatura inolako irabazpiderekin loturarik ez duen arte eta adierazpen modu gisa.

2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepulveda eta Unai Elorriaga edo Suso de Toro eta Joseba Zulaika.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleengana hurbiltzeko era berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua lehen mailako kazetariekin, historialariekin edo idazleekin elkartzeko aukera eskaintzea izan da, bertan, idazketaren munduarekin erlazionatutako gaiak planteatu ahal izateko, elkarrizketaren bitartez.