Fernando Larrukert zinemagilea hil da

Actualizado: jueves, 20 octubre 2016 14:15

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Fernando Larrukert zuzendari, muntatzaile eta argazkilari irundarra hil da 82 urterekin bere sorterrian. Euskal zinemaren erreferenteetako bat den "Ama Lur" (1968) filmeko zuzendaria izan zen Larrukert, Nestor Basterretxearekin batera.

Zinea.eus webguneak nabarmendu duenez, azken hamarkadetan euskal kultur sorkuntzan "erreferente" izan da Larrukert, "zinemagintzan, argazkigintzan eta musikagintzan aritutako ekintzaile nekaezina". Euskal zineman aitzindaria izan zen Nestor Basterretxearekin batera egin zuen "Operación H" (1963) film labur esperimentalarekin, eta ondoren, "Pelotari" (1964) ere egin zuten.

Halere, Donostia Zinemaldian estreinatu zen "Ama Lur" filmagatik egin zen ezagun. Larrukert eta Basterretxea bikoteak euskal gizartearen irudikapena egin zuten lan hartan, eta bertako balio etnografikoak landu zituzten, euskal hizkuntza zinematografiko propioa sortuz. 2007an Durangoko Azokan berriro estreinatu zuten filma DVDan, 'Gara' egunkariaren eskutik; izan ere, Euskadiko Filmategiak jatorrizko zintaren egoera oso eskasa zela jakinarazi zuen, eta lana galdu aurretik digitalizatu egin zuten.

Basterretxearekin Frontera Films Irun ekoizpen etxea sortu zuen, eta 1970eko eta 1980ko hamarkadetan dozena bat film zuzendu eta muntatu zituen, hala nola "Euskal Herria-Musika" (1979) eta "Agur Everest" (1981). Azken lanak, bereziki, mendizaletasunarekin lotutako dokumentalak izan ziren, eta muntaketa lanetan aritu zen Larrukert.

1990eko hamarkadatik aurrera, zinea albo batera utzi eta argazkigintzan jarri zuen arreta. Bere sorkuntza zabala erakusteko hainbat erakusketa egin ditu azken urteetan, eta euskal sortzaileekin duen harreman estua tarteko, proiektu ugaritan parte hartu zuen.