Flamenkoz beteko da Bilboko Ibaiondo barrutia "Una ría con duende" jaialdiarekin irailaren 10etik

Flamenkoa Protagonista Bilbon Irailaren 10Etik
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 6 septiembre 2011 15:21

BILBO, 6 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Sonikete elkartearekin elkarlanean antolatutako Topaketa Flamenkoen barruan burutuko den "Una ría con duende" jaialdiaren seigarren edizioa egingo da irailaren 10etik urriaren 2ra bitartean, Ibaiondo barrutiko zenbait eszenatokitan: La Concordia - FEVE geltokia, Artelan Berreginen Museoa, San Frantziskoko eta Burtsako udaltegiak eta Elizbarrutiko Museoaren Klaustroa).

Aurreko urteetan bezala, topaketa horietan bat egingo dute dantza, gitarra, kantu eta txalo-erritmo tailerrek eta artista azpimarragarrien emanaldiek. Horien artean daude Daniel Torres eta Jacob Guerrero, Cristina Hoyosen Andaluziako baleteko bailaore nagusiak. Bilbora "Entrevistados flamencos" ekarriko dute urriaren 2an, jaialdiari amaiera emateko, Bilborocken.

"Una ría con duende" ekimenak lekua utziko dio bertoko adierazpen flamenkoari ere. Aurten Juan Osaba "Juantxín" izango da protagonista, Bilbon jaiotako eta hazitako gitarra-jotzaile gaztea. "Project" ikuskizuna Bilboko Elizbarrutiko Museoan ikusi izango da irailaren 16an.

Halaber, jaialdiak egun bat eskainiko die flamenkoan sortzen ari diren artista berriei. Aurtengo edizioan, jardunaldi hori Lidia de Lorenzo dantzaria izango du protagonistatzat, irailaren 10ean, La Concordia - FEVE geltokian.

Ekitaldien alorrean, Jose Anillo kantariak eskainiko duen emanaldia ere izango da, Rafael Rodriguez gitarra maisu handiak lagunduta. Bi artistek kontzertua eskainiko dute Burtsako Udaltegian, irailaren 22an. Burtsako Udaltegia bera izango da Juan Francisco Rios Cabrillana kantari gazteak Miguel Angel Laguna gitarra-jotzaileak lagunduta irailaren 24an eskainiko duen kontzertu didaktikoaren eszenatokia.

PRESTAKUNTZA TAILERRAK

Halaber, dantza, gitarra, kantu eta txalo-erritmo tailerrak izango dira Bilboko topaketa flamenkoen aurtengo edizioaren jarduera azpimarragarrienetakoak. Programa didaktikoa irailaren 12an hasiko da, aurrerago burutuko diren dantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo flamenko tailerren sarrera jardunaldiekin. Tailerren irakasleak Noemi Herraiz, Curro Bermejo, Javier Bermejo eta Ander Sanchez irakasleak izango dira, hurrenez hurren.

Nolabaiteko musika nozioak eta flamenkoaren oinarrizko ezagutza duten eta jaialdiak eskaintzen dituen tailerren aurrean interesa duten pertsonei daude zuzenduta. Helburua, bertan parte hartzen duten pertsonek kante, gitarra eta perkusio flamenkoaren erritmo eta melodia oinarriekin eta dantzaren funtsezko mugimenduekin harremana izatea da.

Sarrerako saio horietarako ez da aurretik izenik eman beharko, eta San Frantziskoko Udaltegian burutuko dira, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.

Sarrerako jardunaldien ondoren, tailerrak irailaren 13an hasiko dira, San Frantziskoko Udaltegiko auditoriumean, Laura Gonzalez Toledano irakasleak emango dituen gitarra flamenkoko klaseekin. Laura Gonzalez "La Polaca" dantzariak emango du dantza flamenkoko tailerra irailaren 19tik 21era, San Frantziskoko Udaltegiko Ispiluen aretoan.

Irailaren 26tik 28ra bitartean, San Frantziskon ere, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, kantu flamenkoko tailerra hasiko da, Rios Cabrillanarekin. Partaide gehien izaten duen ikastaroetakoa txalo eta erritmo flamenkoen tailerra izaten da, eta oraingoan Ricardo Espinosak emango du, San Frantziskoko Udaltegiko auditoriumean, irailaren 13an, 14an eta 15ean.

JARDUERA PARALELOAK

Aurten, Bilboko Topaketa Flamenkoek zenbait jarduera biltzen dituzte, eta horien artean Beñat Arginzoniz idazle bilbotarraren "Reflejos de Andalucía" liburuaren aurkezpen ekitaldia dago. Liburua, flamenkoaren jatorrian dauden gizonen eta emakumeen sustrai sozio-kulturalen eta bizitzako esperientzien gaineko gogoetarako ardatza da. Argitalpenak, lan horretan oinarritutako kanten irudiak eta ukituak batzen ditu. "Reflejos de Andalucía" lanaren aurkezpena Artelan Berreginen Museo zaharrean izango da (sarrera Mirasol kaletik), irailaren 24an.

Programatutako emanaldi guztiak doakoak izango dira, Daniel Torresek eta Jacob Guerrerok eskainiko duten amaiera ikuskizuna izan ezik. Ekitaldi horretarako sarrerak 15 eurotan salduko dira Bilborock aretoan eta Power Records disko eta komiki dendan. Sarrera doakoa izango da Kultura 18 txartela dutenentzat.

Topaketa Flamenkoen helburu nagusia Bilboko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurbiltzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko duen gaitasun handia da. Euskadin eskola asko eta flamenko barruko diziplinen jarraitzaile asko daude.