Folkincats katalanek hasiko dute Zornotza, Basauri eta Leioako "Musika gertu" zirkuitua

Folkincats taldea
MUSIKA GERTU
Actualizado: lunes, 11 febrero 2013 12:21

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Folkincats talde katalanaren kontzertu akustikoa izango da Zornotza, Basauri eta Leioa herri bizkaitarretako kultur-guneetako "Musika Gertu" zirkuitu musikalean egingo den lehenengo ekitaldia, ostegun honetan, otsailaren 14an, Zornotzan. Hurrengo egunean, Leioan arituko dira, eta hilaren 20an, Basaurin.

"Jazz-Blues Zirkuitua" izenekoak landutako ildoari eutsiko dio ekimen berriak, proposamen musikalak beste estilo, korronte eta soinu batzuetara ere zabalduz. Zornotzako Zelaieta zentroa, Leioako Kultur Leioa eta Basauriko Social Antzokia izango dira eszenatokiak, zirkuitua osatzen duten udalerrietara formatu txikiko musika proposamenak eramanez, giro hurbil eta lasaian.

Horrela, manouche jazza (gipsy jazz) abiapuntu izanik, eta hainbat estilotako elementuak gehituta, konponketa klasikoetatik hasi eta inprobisazio-pasarteetaraino, lau musikari katalan gaztek osatzen duten Folkincats taldeak hasiko du zikloa. Bere kontzertuen oinarria lau musika-tresna akustikoren (gitarra, biolina, saxoa eta kontrabaxua) zolitasuna eta Kataluniako abesti eta dantza tradizionalen moldaketa askeak dira. Musikaren hainbat alorretan (klasikoa, garaikidea, jazza, flamenkoa edota folka) esperientzia handia duten musikariak dira.

Folkincats taldearen kideak honako musikariak dira: David Salleras saxofoi-jotzailea, Oriol Saña biolinista, Albert Bello gitarrista eta Oriol González kontrabaxu-jotzailea.