"Frankismoaren krimenak" jardunaldiak egingo dira urriaren 8an eta 9an Donostiako San Telmo Museoan

Actualizado: jueves, 18 septiembre 2014 18:25

DONOSTIA, 18 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak "Frankismoaren krimenak" jardunaldiak antolatu ditu, Giza Eskubideen atalaren bitartez, frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformarekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Topaketa urriaren 8an eta 9an izango da, San Telmo Museoko hitzaldi aretoan.

Jardunaldietan, Argentinako Errepublikako Justizia Auzitegian 2010. urtetik aurrera eramaten ari den kereilaren nondik norakoak azaldu nahi dira; diktadura frankistaren partaideek frankismo garaian burututako krimenak aztertzen ari dira prozesu horretan, bere arduradunak zigor kodearen arabera epai daitezen.

Horrela, bi egunetan zehar zenbait hizlarik gai desberdinak planteatuko dituzte ekimen horren gainean. Lehengo egunean, urriaren 8an, testuinguru historiko-juridikoa jorratuko dute, Ramon Zallo Komunikazio katedradunarekin, Carlos Slepoy kereilako abokatuarekin eta Garbiñe Biurrun Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko epailearekin.

Bigarren egunean, urriaren 9an, testuinguru politiko-soziala landuko da, oroimen historikoaren gainean lanean ari diren elkarte desberdinekin, beren esperientziak eta lana plazaratuko dituzte kereilaren inguruan (Genozidioaren Biktimen elkartea, Intxorta elkartea, Euskal Memoria Fundazioa, Goldatu elkartea eta Kereilaren Euskal plataforma).