Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kereilariek René Cassin Giza Eskubideen saria jaso dute

Actualizado: jueves, 10 diciembre 2015 12:42

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2015eko René Cassin Giza Eskubideen saria eman die Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataforman antolatutako euskal biktima kereilariei. Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak urtero ematen du sari hori abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Egunean. Ekitaldia Gasteizen izan da, Lehendakaritza, Urkullu buru zela.

   René Cassin sariaren epaimahaiak pertsona talde horrek egindako lana aintzatetsi nahi izan du aurten, "justizia unibertsalaren defentsaren esparruan gauzatzen baitu bere jarduna, giza eskubideen urraketa larrien aurka egiteko tresna gisa".

   Hautagaitza hori saritzearen xedea da plataformaren inguruan antolatutako euskal biktima kereilari guztiei "aitorpen morala" egitea. "Ia 200.000 pertsona hil zituzten Estatuan epaiz kanpoko exekuzioen eta derrigorrezko desagerpenen bitartez, eta horietako 9.800 Euskadin hil zituzten", azaldu du Urkulluk.

   Bere iritziz, "ez dira gertaera bakanak", eta horregatik, René Cassin saria talde horri ematea "inpunitatearen kontrako mezu demokratiko bat" dela uste du, "jurisdikzio unibertsalaren printzipioa defendatzen" laguntzeko.

   Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek hasi du saria emateko ekitaldia. Epaimahaiak plataforma hori saritzeko erabakia hartu zueneko akta irakurri ondoren, taldeko lau kidek hartu dute parte: Josu Ibargutxik, Julia Mongek, Josefa Berasteguik eta Luis Ortizek. Beren bizipenak eta erakundean egiten duten lana azaldu dute.

   René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jardunaren bitartez euskal gizartean giza eskubideen balioak nabarmen sustatzen lagundu duten pertsona fisiko nahiz juridikoen lana publikoki aitortzeko asmoz. René Cassinen oroimenez ezarri zen sariaren izena. Cassin Baionan jaio zen 1887an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an.