A Fuego Negrok eta Basque Culinary Centerrek erakusketa bat eta ikasleentzako bi ekimen abiaraziko dituzte

AFN eta NCCko arduradunak
Foto: BASQUE CULINARY CENTER
Actualizado: jueves, 27 febrero 2014 18:01

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Donostiako A Fuego Negro (AFN) ostalaritza establezimenduak bien arteko lankidetza gastronomikoa hasiko dute hilabeteotan BCCn egingo diren hainbat "egitasmo berritzailerekin", tartean erakusketa bat eta ikasleentzako bi ekimen.

   Alde batetik, AFNren "The Black Cook Book" azken lanaren inguruko erakusketa ireki dute gaur, otsailaren 27an. Liburu hau finalista da maiatzean Pekinen egingo den Gourmand World Cookbook Awards 2014 lehiaketan, 'Diseinu' kategorian.

   "Azken urteotan egindako guztia Basque Culinary Center bezalako gune batean erakustea luxua da guretzat. Liburua egiteko erabilitako materiala da, hain zuzen ere, beraz, sukaldaritza ikusteko gure modua eta gure mundu gastronomikoaren inguruko gauza asko topatuko du bisitariak", azpimarratu du Amaia Garcia de Albizu A Fuego Negroko arduradunak.

   Halaber, BCCko zuzendari nagusia den Joxe Mari Aizegak adierazi duenez, "A Fuego Negro bezalako establezimendu berritzaile eta apurtzaileekin egiten diren kolaborazio mota hauek oso aberasgarriak dira Basque Culinary Centerrentzat, batik bat ikasleei ideia berritzaile eta ekintzaile horiei dagokienez".

   Horrela, apirilaren 27ra arte ikusgai izango da erakusketa. Aipaturiko liburuko hiru atalek osatzen dute: "Errezetategi", "Kitxen kreativity" eta "Garito bat baino gehiago".

   Bestalde, Basque Culinary Centerrek eta A Fuego Negrok beste bi ekimen abiarazuko dituzte elkarrekin. Alde batetik, AFNren argitalpenean oinarritutako hilabeteko tailerra antolatuko dute hirugarren mailako ikasleentzat, eta bestetik,  A Fuego Negrok masterreko ikasleei "hitzaldi-erakustaldia" eskainiko die.