Funkstörung bikotea izango da Art After Dark saioko protagonista Guggenheim Bilbao Museoan

Funkstörung bikotea Art After Dark zikloan
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 16:52

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak Art After Dark zikloko beste emanaldi bat eskainiko du ostiral honetan, martxoaren 11n, Michael Fakesch eta Chris De Luca alemanek osaturiko Funkstörung bikotearekin. Aurretik, Marc Piñol eta Daniel B. arituko dira, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Michael Fakeshek eta Chris De Lucak Rosenheim hirian sortu zuten Funkstörung, Munichetik gertu. Hainbat disko kaleratu ondoren, artista handien lanak nahastu zituzten, besteak beste, Björk, Wu-Tang Clan eta Jean-Michel Jarrerenak. Lehen diskoa "Appetite For Disctruction" izan zen, eta ondoren "The Return To The Acid Planet" kaleratu zuten, jarraian bakarkako ibilbidean lan egiteko etena eginez. Orain "Funkstörung" izeneko diskoa kaleratu dute, eta Bilbon aurkeztuko dute.

   Aurretik, 23:00etan, Marc Piñol katalanak jarriko du musika. Musika kazetaria da eta 1999tik DJ lanetan dihardu. Bartzelonako Nitsa klubean hasi zen eta bertako DJ egoiliarra izan zen 2013ra arte. Tarte horretan hainbat aldiz izendatu dute urteko DJ onena Espainiako musika hedabide nagusiek. Piñolek nahasketak eta berak sortutako kantak argitaratzen ditu John Talaboten Hivern Discs diskoetxearen bidez.

   Halere, Daniel B. katalanak irekiko du gaua, 22:00etan. Tarragonan jaio zen 1977an, baina duela bi urte bilbotar sentitzen zela erabaki zuen. Gaur egun, minimal wave eta synth wave soinuak eta low bpm's' delakoaren elektronika iluna jorratzen ditu, betiere, dantza pista zorrotz eta kalitatezkoekin bat etorriz.

   Saiora bertaratzen direnek, ireki berri den "Andy Warhol: Itzalak" erakusketaz, Ho Tzu Nyenen "Ezagutzen ez denaren hodeia" bideo instalazioaz eta "Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak" erakusketaz gozatzeko aukera izango dute.