Funtzionarioen hizkuntza eskakizunen gaiari "naturaltasun osoz" heldu behar zaiola dio Jaurlaritzak

Bingen Zupiria
EUSKO LEGEBILTZARRA
Actualizado: jueves, 30 marzo 2017 11:36

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak adierazi du Administrazio publikoaren langileen hizkuntza eskakizunen eztabaidari "naturaltasun osoz" heldu behar zaiola, "funtsezko printzipioa" herritarrek bi hizkuntzetatik edozeinetan Administrazioari zuzentzeko duten eskubidea dela kontuan izanda.

Onda Vasca irratiari ostegun honetan eskainitako elkarrizketa batean Zupiriak nabarmendu duenez, hizkuntza politikaren gaietan egon daitezkeen "liskar puntualen" aurrean, Euskararen Legean jasota dagoen "adostasun zabala" dago euskal gizartean, eta gogoratu du legeak ezartzen duela herritarrek askatasuna dutela bi hizkuntza ofizialetatik edozein aukeratzeko Administrazioarekin duten harremanean. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Legeak jasotzen dituen printzipioen babesean egin behar duela ziurtatu du.

Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak gogorarazi duenez, Euskararen Legea 1982an Eusko Legebiltzarrak botoen %75ekin onetsitako araudia da, eta, Administrazioan euskararen erabilerari heltzeaz gain, gizartearen elebitasunaren aldeko apustua egiten du. Gainera, hezkuntza sistemari garrantzia ematen dio "derrigorrezko etaparen amaieran ikasleek aise erabili ahal izan ditzaten bi hizkuntzak, bai euskara bai gaztelania". Horiek guztiak herri erakundeek bermatu beharreko helburuak direla adierazi du, printzipio horien inguruan dagoen "adostasun zabala" kontuan hartuta.

Halaber, Administrazio publikoko 38.000 lanpostu baino gehiagotan teknikariak egiten ari diren hizkuntza eskakizunen azterketari buruz, Zupiriak azaldu du planteatutako exijentzia maila herrialdearen errealitate soziolinguistikoaren "oso paretik" doala, inguruaren arabera desberdina izanik. Dena den, bere ustez, "naturaltasun osoz" heldu behar zaion eztabaida da, betiere kontuan hartuta zein den funtsezko printzipioa, hau da, "herritarrek bi hizkuntzetatik edozeinetan Administrazioari zuzentzeko duten eskubidea".

Azkenik, EiTBren erreformaren inguruan azpimarratu duenez, "ez da bidea galdu behar" prozesu horretan eta aintzat hartu behar da erakunde publiko horrek "nabarmen" bete duela eta betetzen ari dela euskara sustatu eta erabiltzeko helburua, baita Euskadin informazioaren erreferente bat izatekoa ere.