Gabriel Arestiren bizitza eta lana aztergai Deustuko Unibertsitatean

Actualizado: viernes, 22 mayo 2015 13:03

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak "Gabriel Arestiren ondarea" zikloa egingo dute Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean, la Caixaren Gizarte Ekintzaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesarekin. Zikloa datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, hasiko da, antolatzaileek jakinatazi dutenez.

   "Harri eta Herri" lana argitaratu zenetik 50 urte bete berri direnean, eta ekainean Gabriel Aresti hil zela 40 urte beteko direnean, idazle bilbotarraren bizitza, figura eta lanari buruzko zikloa izango da unibertsitate bilbotarrean.

   "Gabriel Arestiren ondarea" zikloarekin, ohiko formatu akademikoetatik haratago joan eta espazio, denbora eta diziplina ezberdinekin jokatzeko aukera baliatu nahi izan du Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, "edukia ezezik, formatu erakargarri, kalitatezko eta berritzaile bat eskaintzeko unibertsitatearen eta Bilboko kultur eragile garrantzitsuenetarikoa denaren artean benetako elkarlanean".

   Horretarako, lau begirada ezberdin batuko dituen zikloa osatu dute Gabriel Aresti Kultura Elkarteak eta Euskal Gaien Institutuak. Hasteko, Xabier Monasterio idazle eta Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleak eta Rafa Rueda kantautoreak "Gabriel Arestiren lana eta bizitza" hitzaldi musikatua eskainiko dute datorren astelehenean, maiatzaren 25ean.

   Halaber, Josu Bijuesca Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearekin, "Nazioaren alegoria Gabriel Arestiren poesian" mintegia egingo da maiatzaren 26an. Iraia Biteri eta Beñat Aiarza Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleek, Bilboko Kafe Antzokian hasiko den "Arestiren Bilbo" ibilbide turistikoa prestatu dute, ekainaren 3rako, eta azkenik, Miren Agur Meabe idazleak "Nire Arestiar lauburuak" hitzaldia eskainiko du zikloa bukatzeko ekainaren 4an.

   Material lagungarri bezala, "Harri eta Herri" liburuaren 50. urteurreneko edizioa emango zaio zikloan izena eman duten ikasle bakoitzari. Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: Arestiren liburua, argitaratu zen bezala batetik, eta "50. Artikulu bilduma" izeneko liburua bestetik, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak biltzen dituena.