Galdakao-Usansolo ospitaleko Analisi Klinikoen Zerbitzuak 5,5 milioi proba egiten ditu urtero

Urkullu eta beste agintariak laborategiak bisitatzen
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 28 octubre 2015 12:44

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Galdakao-Usansolo (Bizkai) ospitaleko Analisi Klinikoen Zerbitzuak 5,5 milioi proba inguru egin ohi ditu urtero. Zerbitzu hori Barrualde-Galdakao Osasun Erakunde Integratuaren baitan dago, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere laborategi berrituak bisitatu ditu asteazken honetan.

   Urkullurekin batera, Jon Darpón Osasun sailburua, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao Osasun Erakundeko Integratuko zuzendari gerentea izan dira Galdakao-Usansolo ospitaleko laborategi berriak bisitatzen.

   Laborategiok arlo hauek barne hartzen ditu: hematologia, koagulazioa, larrialdiak, biokimika eta serologia. Bertan, osasun erakunde integratu horretako zerbitzuaren jarduera osotik %90 inguru bideratzen da. Euskadin "bide urratzaile" dira laborategi hauek, eta, Urkulluk Osakidetzako profesionalen aurrean nabarmendu duenez, "Osakidetzak euskal gizarteari eskaintzen dion zerbitzua etengabe hobetu nahiaren eredu dira".

   Era berean, gogorarazi du "pertsonekiko konpromisoa" egungo Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna dela, eta, osasunaren arloan, teknologia berrien aldeko eta zerbitzuen eskaintza hobetzeko apustua horren "erakusle argia" direla.

   Eraberritutako laborategiok, kudeaketa sistema berean, laborategiko eremu guztiak biltzen dituen erabateko automatizazio katea daukaten Euskadiko lehenengoak dira, eta horrek proba urgenteen katalogoa zabaltzea ahalbidetu du. Laborategi horrek, urtero, 5,5 milioi probatik gora egin ohi ditu, hau da, egunero 4.500 hodi analizatzea dakar.

   Urkulluren esanetan, "laborategiok eraberritzeari esker, analisien emaitzen tarteak laburtuko dira, ekipamenduak optimizatuko dira, eta guneen birbanaketak, bai profesionalentzat bai pazienteentzat, antolaketa erosoagoa, funtzionalagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko du".

   "Aurrerantzean, laborategi bakarra izango da, eta gune berean egingo dira eskaera eta proba guztiak, teknologia eta ezagutza partekatzen duten profesional balioanizdunen eskutik. Horrez gain, berrantolaketa horrek giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzea dakar, bikoizketak saihesteko balio baitu, aurrezki ekonomiko garrantzitsuarekin", azaldu du.

PLAN GIDATZAILEA

   Ekimen hori Osakidetzaren Laborategietako Plan Gidatzailearen baitakoa da. Plan horrek agerian utzi zuen diagnosi biologikoaren eskaintza optimizatzeko eta arrazionalizatzeko beharra. Horrela, zerbitzua hobetzeko eta errobotikaren berrikuntzarako apustu eginez, laginen kudeaketarako eta tratamendurako sistema adimenduna ezarri da. Euskadiko ospitale-zentro batean ezartzen den lehenengo katea da, laborategiko arlo guztiak sistema berean integratzen dituena, alegia, hematologia, koagulazioa, larrialdiak, biokimika eta serologia.

   Automatizazio kate berriak, eguneko 24 orduz, egunerokoak zein urgenteak diren laginak aldi berean tratatzea ahalbidetzen du. Prozesua samurra da. Eskaera behin erregistratuta, pazientea bera, eta atera zaizkion hodi guztiak, argi eta garbi identifikatzen dituen barra kodea ematen zaie. Ondoren, lagin horiek katean sartzen dira; bertan, eskatutako proben arabera, prestatzen dira, eta askotariko analizatzaileen artean banatzen (hamar guztira).

   Gainera, sistema horren abantaila nagusienetakoa da larrialdietako laborategia ere barne hartzea; horrela, automatizazioaren onurez ahalik eta gehien baliatzeko aukera dago, eta ordu batetik beherako tartean, eskura izan daitezkeen proba urgenteen kopurua hazten da. Kateak, eskabide motaren arabera, bide desberdinak ematen ditu: "Bide azkarra" dauka eskabide urgenteetarako, eta errutinazko eskabideen kasuan, normalaren (24 ordutan) eta lehentasunezkoaren (egunean bertan) artean bereizketa egiten du. Bestalde, pazientearen segurtasuna areagotzen du, prozesu analitikoaren etapa guztiak modu integralean kudeatzen dituenez gero, errore aukerak minimizatzen baititu.

   Eskabidea behin amaituta, hodiek beren ibilbidea bukatzen dute, hozkailu adimendunean biltegiratuz; eta, proba gehigarririk eskatzekotan, dagokion analizatzaileari bidaltzen dizkio.

   Bukatzeko, Urkulluk laborategiotan diharduten profesional guztiei zorionak eman dizkie, beren konpromisoagatik eta inplikazioagatik, baita laborategiak eraberritu bitartean egindako ahaleginagatik ere. Zerbitzu horretan emakumezkoak dira nagusi (%90). Guztira 61 profesional dauzka: 15 fakultatibo, 43 laborategiko teknikari espezialista eta hiru administrari. Guztien artean, Barrualde eskualdeko erreferentziazko biztanleen (313.000) diagnosi biologikoaren beharrei erantzuten die.