Galesko hezkuntza-eredu elebiduna aztertuko dute asteazkenean EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen

Actualizado: martes, 19 marzo 2013 11:51

GASTEIZ, 19 Mar. (EUROPA PRESS) -

Janet Laugharne Cardiffeko Unibertsitate Metropolitarreko irakasleak "Inside bilingual Wales: A view of Welsh language education in 2013" izenburuko mintegia emango du asteazkenean, martxoaren 20an, goizeko 10:30etik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Letren Fakultatean, Gasteizen 1.25 gelan. Hizkuntzen Eskurapena Testuinguru Eleaniztunetan (LAMS) Unibertsitate Masterrak antolatu du topaketa hau, eta Galesen dagoen hezkuntza-eredu elebiduna aztertzeko balioko du.

EHUk jakinarazi duenez, mintegi honetan, 1999. urtean Erresuma Batuak Galesi parlamentuko erakundeak itzuli zizkionetik, galesaren irakaskuntzan izandako berrikuntza nagusiak aurkeztuko dira. Galesa herrialdeko bi hizkuntza nazionaletako bat da, eta hizkuntza nazionala den aldetik, herrialdeko kapital politiko, kultural eta sozialaren adierazle garrantzitsua da.

Alderdi askotan, hezkuntzan elebitasuna sartzen hasteko prestaketa bat da, eta Galesko gizartean onespen handia du ereduak. Gainera, Europako eta nazioarteko beste hizkuntza gutxitu batzuek eredutzat erabili dezakete.

Hala ere, praktikan, etorkizunean hizkuntza hori mantentzeko erronka asko daude, besteak beste, gazte elebidunek oso gutxi erabiltzen dutela galesa hezkuntza-esparrutik kanpo, ingelesarekin alderatuta garrantzi gutxiagokotzat hartzen baita galesa.

Galesaren erabilerari buruzko azken datuek, 2011. urtekoek, agerian utzi zuten proaktiboa izan behar dela galesa mantentzeko. Izan ere, 2001. urtetik gaur egunera arte, %2 murriztu da hiztunen kopurua: lehen, %21ak erabiltzen zuen galesa komunikazio-hizkuntza gisa eguneroko bizitzan; gaur egun, %19k.

Halaber, mintegian, Galesko galesaren irakaskuntza motei buruzko informazioa aurkeztuko da, bi politika-garapen berriak aztertzen hasi baino lehen. Bi politika horietako bat 3 eta 7 urte arteko haurrentzat hizkuntza irakasten hasteko fasea dago, hau da, galesa zazpi irakaskuntza-arloetako arlo bat bailitzan garatzea Galesko haur guztientzat, Lehen Urteetarako ikasketa-plan berri baten baitan.

Bigarrena alfabetatze hirukoitza da, hizkuntzak ikasteko Galesko gobernuaren ekimena: galesa, ingelesa eta atzerriko hirugarren hizkuntza bat lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan.

Mintegiaren helburu orokorra da hizkuntza gutxituen ikaskuntzari eta irakaskuntzari buruzko ideiak trukatzeko eta haiei buruz hitz egiteko oinarri bat ematea.