Galtzagorrik eta Galdakaoko Udalak euskarazko lehen booktube lehiaketa abiarazi dute

Booktube lehiaketa Galdakaon
GALTZAGORRI
Actualizado: miércoles, 11 noviembre 2015 13:42

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak eta Galdakaoko Udaleko Euskara Zerbitzuak euskarazko lehen booktube lehiaketa jarri dute martxan: Galdakaoko I. Booktube Lehiaketa. Bertatik sortuko dira euskarazko lehen "booktuberrak" eta Galdakao eta galdakoztarrak aitzindari izango dira mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen. Lehiaketa herri mailakoa izango da eta bertako DBHko ikasleek (12-16 urtekoek) hartuko dute parte.

   Galtzagorrik jakinarazi duenez, booktube hitzak "book" (liburua) eta "tube" (youtube) lotzen ditu, hau da, booktube bat youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa, hain zuzen. Grabazio hori, ondoren, Youtuben zintzilikatzen da eta nonahi barreiatzen da sare sozialen bidez.

   Booktuberrak euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak dira eta, neurri horretan, "literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari dira sortzen". "Irakurle gazteen plataforma berriak sortu dira eta Youtuben komunitate bat sortu dute, booktuberrena. Bertan, irakurtzeko zaletasuna eta liburuekiko duten pasioa partekatzen dute", azaldu du.

   Euskal Herrian ez dago oraindik euskarazko booktuberrik ikusi, baina Galdakaoko Udaleko Euskara Zerbitzua zein Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea "ziur dira gure gazteen artean ere harrera ezin hobea izan dezakeela fenomeno horrek".

   Hori dela eta, lehen booktube lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Lehiaketa honen bidez Galdakaoko neska-mutilak izango dira euskarazko booktubeak sortzen lehenak. Horrela, mundu mailan gazteen artean izugarri zabaldu den fenomeno hori euskarara ekartzeko lehen ahalegina egingo dute galdakoztarrek, eta aitzindari eta eragile izango dira euskal booktuber mugimenduaren sorreran.

   Lehiaketa dagoeneko martxan da. Booktubeak bidaltzeko azken eguna azaroaren 27a izango da eta sari banaketa ekitaldia Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan egingo da, abenduaren 18an.