Gasteizek azaroan Kulturaren Plan Estrategikoa izateko prozesua abian

Nora Igartua (ezkerrean) eta Estibaliz Canto
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: jueves, 16 febrero 2017 13:40

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Gasteizek azaroan Kulturaren Plan Estrategikoa izango duela iragarri dute ostegun honetan Arabako hiriburuko Udaleko Kultur arloko arduradunek. Prozesua lau fasetan garatuko da, eta datorren astelehenean, otsailaren 20an, diagnostiko faseko sektorekako eta gaikako saioak hasiko dira. Hori landu ondoren, asmoa da Kulturaren Tokiko Kontseilua eratzea, datozen urteetan hiriko kultur ehuna planifikatu, egituratu eta artikulatzeaz arduratuko dena.

Estibaliz Canto Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak eta Nora Igartua zuzendariak ostegun honetan aurkeztu dute prozesua prentsa agerraldian. Cantok esan du kultur eragileak izango direla "prozesuaren subjektua, benetako protagonistak, eta helburua "hiriaren plana eta hiriaren kulturarako plana" izatea dela helburua, "lehenik, Kultura Saileko kultura baino askoz gehiago besarkatu behar duelako, eta bigarrenik, kronologikoki agintaldi bat baino askoz gehiago iraun behar duelako". "Beraz, ahalik eta partaidetza eta adostasun handiena beharko du", gaineratu du.

Plana fasetan landuko da, eta Emun aholkularitza enpresa arduratuko da dinamizatzeaz. Gasteizko behin betiko Kulturaren Plan Estrategikoa azaroan aurkeztea da asmoa. "Aurkeztu ondoren, Kulturaren Tokiko Kontseilua eratzea espero dugu, hau da, planaren ezarpena jarraitzeaz arduratuko den talde independentea, datozen urteetan hiriaren kultur ehuna planifikatu, egituratu eta artikulatzeaz arduratuko dena", azaldu du zinegotziak.

Lehenengo fasean diagnostiko parte hartzailea egingo da. Bi hilabetez, hiriaren kultur egoera aztertuko da kultur eragileekin, sektoreka edo gaika. Horrela, sektoreen araberako bilerak egingo dira: literatura, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta musika. Horiez gain, gaikako bi bilera egingo dira.

Bigarren fasea maiatzean eta ekainean egingo da: hiru bilera ireki izango dira, eta "backcasting" delako metodoa erabiliko baita, hau da, 2030eko Gasteiz irudikatuko da, eta hortik hasierako datara atzera itzuli. Emaitza idatziz jasoko da, eta ekarpenak on line ere egin ahalko dira.

Hirugarren fasea irailean eta urrian garatuko da: emaitzak jasotzen dituen dokumentu bat landu eta azken ekarpenak egin ahalko dira, eta ondoren, eragileek adostu beharko dute. Azkenik, Kulturaren Plan Estrategikoa baliozkotu eta zabaltzeko fasea iritsiko da, azaroan, 2018ko urtarrilean abian jartzeko.

Fase guztiak herritarrentzako irekiak izango dira, eta guztietan izango dira ahalduntzeko eta talde lanean aritzeko uneak. Orobat, aktibazio sozialerako aukerak emango dira.

ERAGILEEN TALDEA

Kulturaren Plan Estrategikoarekin lotuta, eragileen taldea osatu da, prozesu osoaren jarraipenaz arduratzeko. Sektore desberdinetako kultur eragileek osatzen dute, eta saioetan parte hartzen dutenen iritziak eta proposamenak azken emaitzan islatuta geratzeaz arduratuko dira. Urtarrileko azken astean bildu ziren lehenengoz.

Plana garatzeko www.vitoria-gasteiz.org/plankultura web orria aktibatu da, eta Twitterren ere traola finkoa izango da: #VGplankultura. Orobat, ekarpenak egin ahalko dira etengabe plankultura@vitoria-gasteiz.org helbidean. Gainera, planaren garapena baliatuz, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren Twitter kontua ere sortu da: @VG_Kultura.

Azkenik, prozesu osoan zehar, planari buruzko informazioa zabalduko da web orriaren bidez, sare sozialetan eta Gasteizko gizarte etxeetako pantailetan.