Gasteizen gazte kopurua %16,1 gutxitu da azkeneko zazpi urteetan

Actualizado: jueves, 13 agosto 2015 12:03

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

   Gazte Planaren Behatokiak egin duen azterlan baten arabera, Gasteizko gazteen kopurua 8.269 jaitsi da 2008tik 2015eko urtarrilera arte, hau da, % 16,1a. Biztanleriaren zahartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) hirien ezaugarrietako bat da, eta prozesuari buelta emateko urteak beharko dira.

   Txostenak nabarmentzen duenez, uste izatekoa da beheranzko joera horrek 2023ra arte iraungo duela, eta ondoren poliki gorantz joko duela berriro, baina zenbaki absolutuetan, ez portzentajean. Izan ere, hori beste faktore askoren mende dago, besteak beste, jaiotza tasa, adinekoen bizi itxaropen handiagoa eta migrazio mugimenduak.

   Gaur egun, 12 eta 35 urte bitarteko biztanleak Gasteizko biztanleria osoaren % 25,2 dira. Auzoen banaketari dagokionez, inguru hauetan 12 eta 35 urte bitarteko biztanleen ehunekoa batez bestekoaren gainetik dago: Aretxabaleta-Gardelegi  (%44,2), Salburua (%35,8), Zabalgana (%34,3), San Martin (%28,9), Ariznabarra (%27,0), Alde Zaharra (%25,4), Santa Luzia eta Abetxuku (%25,3).

   "Komeni da hiriko auzoen banaketa datuak aintzat hartzea jarduerak antolatu eta zabaltzeko garaian, bai eta gazteei zuzendutako udal zerbitzuetan erabakiak hartzerakoan ere", adierazi du Iñaki Prusilla Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak Gazteriaren Mundu Egunean.

   Emantzipazio berantiarra, langabezia eta lan ezegonkortasuna dira gazteak kezkatzen dituzten arazo nagusiak, krisi ekonomikoak bereziki jo baititu. Izan ere, 2015eko ekainean 16 eta 34 urte bitarteko 5.734 pertsona zegoen erregistratuta Lanbiden.

   "Gazteak beharrezkoak dira gizartearen etorkizunerako. Gaur gazteei laguntzea bihar guztioi laguntzea da. Funtsezkoa da gazteen ahotsa indartzea, eragiten dieten arlo guztietan presente egon daitezen, horregatik, parte hartzeko behar diren kanalak eta tresnak sustatzearen aldeko apustua egiten dugu", esan du Iñaki Prusillak.