Gasteizko 50 familiak parte hartuko dute "Etxe Berdeak" programaren hirugarren edizioan

Iñaki Prusilla eta Josune Albizu
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: miércoles, 8 febrero 2017 14:35

GASTEIZ, 8 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak "Etxe Berdeak" programaren hirugarren edizioa abiarazi du, Vital Fundazioaren eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin, eta aurten 50 familiaren parte hartzea izango du. Eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginez kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen eta, ondorioz, hiriko ingurumenaren kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko asmoz.

Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez. Gainera, gaikako sei lantegi (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaizkie. Ikasitakoa praktikatzeko aukera emango dieten tresna eta osagaien sorta ekologikoa ere jasoko dute.

Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web orrian eman dezakete izena doan (www.vitoria-gasteiz.org/hogaresverdes). Posta elektronikoz (cea@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz ere (945 16 16 16, 4950 luzapena) lor daiteke informazio gehiago. Aurkezpen jardunaldi irekia Europa jauregian egingo da, ostegunean, otsailaren 9an, 19:00etan.

"Ur eta energia kontsumoaren autokontrola sustatzen dugu, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen dugu", Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzi eta Ingurumen Gaietarako Iikastegiare lehendakariak programaren aurkezpenean azaldu duenez.

Horrela, 2017an 50 familiak parte hartu ahal izango dute programan, hau da, 2016an beste, baina lehen edizioan baino 25 gehiago. Helburu nagusia ur eta energia kontsumoaren autokontrola sustatzea dela zehaztu du Prusillak. "Aurrezteko neurriak eta jokabideak txertatzea, ingurumen arazoekiko erantzukizun kolektiboa indartzea, eta, azken batean, Gasteizen izaera 'berdea' areagotzea", gaineratu du.

Vital fundazioaren zuzendari Josune Albizuk, berriz, erakundeak ekimenarekin hartutako konpromisoa azpimarratu du, eta "azken 15 urteetan Ingurumen Gaietara Ikastegiarekin izandako harreman estuari eustearen aldeko apustua egin du.