Gasteizko Azucarera eraikinak zortzi enpresa biltzen ditu

Actualizado: lunes, 1 junio 2015 10:44

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

   Gasteizko Ali Gobeo industrialdean kokatuta dagoen Azucarera eraikin historikoak zortzi enpresa ditu jada, eta horietatik lau 2015eko lehen hilabeteetan kokatu dira. Aurten instalatu diren enpresa horiek guztira 691,34 metro koadroko azalera okupatzen dute bulego modularretan (bakoitzak 100 metro koadrotik gorako bulegoak har ditzake). SPRI Taldearen barruan dagoen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikirik dagoen Sprilur, S.A. sozietateak kudeatzen du Azucarera eraikina.

   Bere arduradunek jakinarazi dutenez, 2013. eta 2014. urteetan beste lau enpresak erabaki zuten Azucarerako bulegoetan kokatzea, 889 metro koadro okupatuz. Momentu honetan bertan kokatuta dauden zortzi enpresek 1.580 metro koadro okupatzen dituzte, hau da, azalera guztiaren (5.368 metro koadroko azalera erabilgarria) %30.

   Kontuan harturik eraikinaren tipologia eta ondare historiko industrial bezala izendatua dagoela, Sprilurrek alokairu kontratu luzagarriaren bidez kudeatzen du instalazioen erabilpena. Azucarera eraikinean garatzen diren jardueren artean daude ingeniaritzak, sektore industrialerako automaten garapena, eta energia eta zerbitzu sektoreekin lotutako enpresak. Arabako Enpresari Gazteen Elkarteak ere bertan garatzen du bere jarduera eta ekintzaile gazteei zuzendutako enpresa haztegi bat sustatzen ari dira. Enpresa horiek guztiek 50 langile baino gehiago enplegatzen dituzte.

   2000. urtean Euskadiko Kultur Ondare izendatua izan zen Arabako eraikin berezi honek bere okupazio maila sendotu du aurten, enpresa eta ekonomia jarduera suspertu egin delako. Espazioen alokairuen bidez eskuratzen diren diru sarrerekin ikur historiko industrial eta kultural honen egitura, estetika eta estiloa mantendu ahal izango dira, enpresei zuzendutako ekitaldi publiko eta pribatu garrantzitsuak ere ostatatu ahal izateko.

   Sprilur soietateak edozein enpresa ekimenen eskura jartzen ditu 100 metro koadrotik gorako azalera modularrak, zerbitzu zentralizatuekin eta erabilpen pribatu eta esklusiboko 110 aparkalekurekin. Kokapen estrategikoa du gainera, Gasteizko hirigunetik oso hurbil.