Gasteizko Martxoaren 3ko gertakizunen oroimen artistikoa eta soziala berreskuratzeko erakusketa izango da Artiumen

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2016 13:23

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

   Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak 1976ko martxoaren 3an hirian poliziak eraginda gertatutako sarraskiaren oroimen artistikoa eta soziala berreskuratzeko erakusketa bat izango du ikusgai "Martxoaren 3a Gogoan" programaren baitan. Diktaduraren amaierako urteetan eta ondorengo lehen urteetan egindako zazpi margolan ikusi ahalko dira, besteak beste, Juan Genovés, Rafael Canogar eta Agustín Ibarrolarenak, eta guztiak ere kutsu politiko handikoak. Erakusketa Ekialde-Goikoa aretoan izango da ikusgai, ostegunetik, otsailaren 25etik, martxoaren 3ra bitartean.

   Museo gasteiztarrak gogorarazi duenez, 1976ko martxoaren 3an gertaturiko sei langileren hilketa aldi hartako gertakizun beltzenetako bat izan zen, eta oraindik erabat garbitu gabe dago. Zenbait objektu eta ikus-entzunezko ere egongo dira erakusketan, une historiko haren testuingurua osatzen laguntzeko. Martxoaren 3a Gogoan mugimenduaren ekimenez eta Artiumen laguntzaz egin da erakusketa.

   Horrela, Juan Genovés valentziarraren "El grito" (1977), Rafael Canogarren "La mordaza" (1974) eta "P-38-76" (1976), Agustín Ibarrolaren "Unión" (1973-1975), Darío Villalbaren "Faz" (1978), Dionisio Blancoren "El proceso de Burgos" (1970-1971) eta Juan Suárezen "Campanadas da mort" dira Artiumek erakutsiko dituen zazpi artelanak. Halaber, Artium Bidumako lan horiekin batera, Santos Iñurrietaren bi artelan, eta Carmelo Ortiz de Elgearen eta Jose Luis Zumetaren lan bana ere izango dira ikusgai erakusketan.

   Martxoaren 3ko oroigarrien parte diren objektu sorta bat ere ikusgai dago erakusketan, eta egun haietan grabatutako dokumental bat ere proiektatuko da, PCErekin lotutako Madrilgo zinemagile talde batek egina: martxoaren 4an iritsi ziren Gasteizera, atxilotu ez zitzaten Suitzako telebistako kideak zirela esanez, eta haiei esker daukagu orain dokumetal hori.

   Bestalde, Inside Out proiektua aurkeztuko da: fatxadetan ezarritako argazki erraldoiak, gizatasunaren alderdiren bat nabarmentzeko xedea dutenak. Gasteizen 1976ko sarraskiaren biktima izan zirenen senideen sei aurpegi eta lanaren sortzaileen senide eta adiskideen beste sei aurpegi nahasi dira proiektu horretan.

   Azkenik, bertako artista batzuen lanek osatuko dute erakusketa, esate baterako, Miguel Ángel Hernández 'Zirika' artistarenak. Azkenik, entzungai egongo dira Gasteizko gertakizunetan inspiraturik zenbait taldek egindako genero guztietako musika piezak.