Radio Vitoria Plaza Berrira mugituko da Gasteizko jaietan

Actualizado: lunes, 3 agosto 2015 16:53

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

   Radio Vitoriak bere estudioak tokiz aldatu eta Gasteizko Plaza Berrira mugituko ditu, Andre Maria Zuriaren jaiak iraungo duten bitartean. Astearte honetan, abuztuaren 4an, arratsaldeko 18:00etan hasi eta igande gauean, abuztuaren 9an, goizaldeko 01:30ean Zeledonen igoerarekin festak amaituko diren arte bertatik emitituko du Radio Vitoriak jaien inguruko programazio berezi guztia, sarrera irekiarekin.

   Radio Vitoriako ordezkariek jakinarazi dutenez, Plaza Berriko estudioetatik hiriko pertsonaia ospetsu eta nabarmenenak pasako dira, baita jaien antolakuntzan ordezkaezineko pertsona eta talde garrantzitsuak ere.

   Horrez gain, hainbat ekitaldi berezi antolatuko ditu Radio Vitoriak. Abuztuaren 5ean, asteazkena, patata ekologikoak eta Arabako txakolina dastatzeko aukera eskainiko du goizeko 12:30ean, lurraldeko produktuak ezagutarazteko helburuarekin.

   Hurrengo egunean, abuztuaren 6an, familiako gazteenentzako eskulan tailerra eskainiko dute, 12:30ean. Cayperen eskutik, haurrek arbela bat eta klarionak egingo dituzte eta materiala etxera eramateko aukera izango dute. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Swingverngüenzas taldearen dantza ikuskizuna antolatu dute.