Gasteizko TAO sakelako telefonoarekin ordaindu ahalko da udazkenetik

TAO Gasteizen
GASTEIZKO UDALA
Actualizado 2018/02/09 18:00:57 CET

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

Gasteizko TAOren erabiltzaileek ez dute parkimetroraino joan beharrik izango datorren udazkenetik hiriko aparkaldi mugatuko lekuetan aparkatzeko txartela eskuratzera, sakelako telefonoarekin ordaintzeko sistema bat jarriko baitu udalak ordurako. Aplikazio baten bitartez ordaindu ahalko da dagokion tarifa, eta oraingo ordainketa metodoak ez dituen beste abantaila batzuk ere eskainiko ditu.

Tokiko Gobernu Batzarrak ostiral honetan onetsi du ordainketa sistema telematikoa ezartzeko lehiaketa, Herritarren Segurtasunerako Sailak azken hilabeteetan landu duen proiektuari jarraituz. "TAO modernizatu eta erabilera erraztu nahi genuen, erosoagoa eta eraginkorragoa bihurtu, bai erabiltzaileentzat bai udal administrazioarentzat", azaldu du arloko zinegotzi ordezkari Carlos Zapaterok.

Telefono adimendunarekin ordaintzeko nahikoa izango da dagokion doako aplikazioa deskargatzea Play Store eta App Store plataformetan. Besteak beste, aukera hauek emango ditu aplikazioak: zerbitzuan alta eta baja eman, aparkatzeko denbora erosi, erositako epea luzatu, baimendutako denbora gainditzeagatiko salaketa baliogabetu edota ordainketa egiaztagiria lortu. Gainera, erabiltzaileari alerta bat bidaliko dio erositako denbora bukatzear dela ohartarazteko, baita salatu dutenean ere.

Zapaterok aurreratu duenez, "erabilera erraza eta intuitiboa izango du. Gidariek aparkatzeko lekua aurkitzeaz baino ez dute kezkatu beharko, ez baitute parkimetrora joan beharrik ere, ez txartela ateratzeko, ez berritzeko, ezta salaketa baliogabetzeko ere. Bukatu dira gutun azalak eta postontziak".

Hiri askotan ezarri da dagoeneko TAO sakelako telefonoaren bidez ordaintzeko sistema. Gasteizen aparkaldi mugatua udalak berak kudeatzen du, ez kanpoko enpresa batek, eta horrek sistema ezartzea zailtzen duenez, horregatik ez da oraindik gauzatu.

Beste hiri batzuetan gidariek gainordain txiki bat ordaindu behar dute tarifarekin batera, baina Gasteizen ez dute ordaindu beharrik izango aplikazioa erabiltzeagatik. Sistema berriak sakelako telefonoz eskaintzen dituen funtzio berak web orri batean ere erabili ahalko dira.