Gasteizko Udal Liburutegien Sareak 71 jarduera eskainiko ditu otsailetik maiatzera

Actualizado: lunes, 1 febrero 2016 17:31

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

   Gasteizko Udal Liburutegien Sareak irakurtzeko zaletasuna pizteko jardueren programa bat jarriko du martxan otsailean, eta, guztira, 71 ekintza eskainiko ditu maiatzera bitartean, hauetako 27, euskaraz.

   Herritarrak Udal Liburutegi Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilarazteko asmoz antolatu da eskaintza, "irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izan dadin", Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kiroleko zinegotzi Iñaki Prusillak adierazi duenez.

   Esan bezala, programak otsaila, martxoa, apirila eta maiatza hartuko ditu barne, eta gizarte etxeetako liburutegietan haur, familia, gazte eta helduentzat izango diren jarduerak biltzen ditu. Guztira, 71 jarduera izango dira: 27 euskaraz eta 44 gaztelaniaz.

   Jardueren artean, ipuin kontalariak, antzerkia, txotxongiloak, magia, musika emanaldiak eta lantegiak izango dira, umeekin eta familiekin batera sorkuntza, jolasa, desberdinarekiko sentiberatasuna, mitologia eta tradizioa eta ingurumenarekiko harmonia eta errespetua lantzeko, besteak beste.