Gasteizko Zinema Gaur programaren bigarren edizioko ikastaro eta lantegietan izena emateko epea zabalik dago

Publicado: jueves, 23 marzo 2017 18:15

GASTEIZ, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udalak berriro egingo du Zinema Gaur ezohiko zinemari buruzko programa, lehen edizioan lortutako arrakastaren ondoren. Gainera, aurten formatu zabalagoa eta berrikuntza ugarirekin izango ditu. Filmen proiekzio, performance, lantegi eta ikastaroen bitartez "beste zinema horrekiko interesa eta jakin mina piztu nahi ditu programak". Ikastaro eta lantegietan izena emateko epea ostegun honetan ireki da, 945 161 830 telefonora deituz edo info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz. Izena ematea doakoa da, baina lekuak mugatuta daude.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, lehenengo berrikuntza datari dagoki, azaroan 15 egunez egiten den zinema zikloa izan beharrean, bi ziklotan banatutako programa izango baita, bata udaberrian, maiatzaren 8tik ekainaren 26ra arte, eta bestea azaroan. Berriro ere Garbiñe Ortega arduratu da koordinazioaz, eta hiru ardatzetan banatuko du programa: proiekzioak, ikastaro eta lantegiak, eta ohikoaz bestelako zinemarekin lotutako ekitaldi bereziak.

Bi ikastaro-lantegi emango dira, hainbat egunetan banatuta. Lehena, "Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak" izenburua duen zinema espazioa da, Maider Oleagak gidatuta. Zinemazaleak elkartzeko gunea izango da, zinema fantastikoaren etiketarekin zinema garaikidean joera bat markatzen duten bideetako batzuk aztertzeko. Film horiek "fantasiazko ezaugarriak eta elementuak erabiltzen dituzte igarobide ezkutuz eta tolesturez beteriko errealitate anitza, konplexua edo antzemanezina deszifratzeko edo bistan uzteko". Ekainaren 7, 14 eta 21ean egingo da, 19:00etatik 22:00etara.

Bigarren lantegia "Perla finak eta oso xeheak" izeneko collage lantegia da, Gloria Vilchesen ardurapean. Helduentzako lantegia da, paper moztu eta itsasgarriarekin eginiko eskuzko collagea praktikatzeko, artista klasiko eta garaikideen obra esanguratsuenen azterketatik abiatuz. Ekainaren 24an eta 25ean eskainiko da, 10:00etatik 14:00etara.