Gastroforoari buruzko jardunaldia egingo da asteazkenean Itziarren, "Euskadi Gastronomika" egitasmoaren baitan

Actualizado: lunes, 23 marzo 2015 13:50

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako Turismo sailak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak gastroforo edo turismo enogastronomikoari buruzko sentsibilizazio jardunaldia egingo dute datorren asteazkenean, martxoaren 25ean, Itziarko Salegi jatetxean, "Euskadi Gastronomika" egitasmoaren baitan.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, hizlarien artean egongo dira Juan Manuel Lavin Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbideko presidentea eta Mª Asun Saenz de Samaniego Ostatu upategiko ordezkaria. Halaber, kanpotik etorritako hizlariak ere izango dira turismo gastronomikoaz, enoturismoaz eta, oro har, esperientzia turismoari buruzko kasu arrakastatsuen berri emateko.

   Jardunaldia Itziarko Salegi jatetxean egingo da, goizeko 09:00etatik aurrera, eta bertan izango dira, parte hartzaileei harrera egiteko, Debako alkate Maider Zubikarai, Basquetour agentziako zuzendari Arantza Madariaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Ruiz de Egino eta Debegesa agentziako zuzendari Juan Angel Balbas.

   Parte hartu nahi duten sektoreko enpresa eta erakundeek izena eman dezakete turismoa@debegesa.com helbidera idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz (Debegesa). Plaza mugatuak dira eta prezioa 20 euro da, bazkaria barne; "Euskadi Gastronomika" egitasmoko bazkideentzat dohainik izango da.