Gauzatu industria laguntzeko programak 28 milioi euro banatuko ditu ETEen artean

Jaurlaritzako arduradunak Burdinberri enpresan
IREKIA
Actualizado: lunes, 22 mayo 2017 13:13

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak Gauzatu 2017 industria laguntzeko programaren beste deialdi bat jarriko du abian, 28 milioi euroko zenbatekoarekin, hau da, aurreko urteetako deialdietan baino bi milioi euro gehiagorekin. Ekainaren erditik aurrera izango da indarrean, baina Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ohartarazi du garrantzi handikoa dela enpresa interesdunak proposamenak prestatzen hastea eta inbertsio proiektuak behar besteko aurrerapenez aurreikustea.

Gasteizko Burdinberri enpresari egindako bisitan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak jakinarazi du deialdia ekainaren lehen hamabostaldian irekiko dela eta, beraz, enpresak haien proiektuetan lanean has daitezkeela jada.

Gauzatu programa egonkorrenetako bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresa txiki eta ertainek (ETE) gehien estimatzen dutenetako bat. Kreditu itzulgarriak emanda, inbertsio pribatu berriak sustatzen ditu eta, hartara, berrikuntza teknologikoa eta ez teknologikoa ekartzen du, baita enpleguaren sorrera ere.

Horrela, Jaurlaritzaren esanetan, "2000. urtean programa aitzindaria izan zena -gaur egun Europako herrialdeetan eta eskualdeetan hedatu da-, 2017an indarrean dirau, baina, jakina, ETEen beharren araberako ikuspegi eguneratuarekin, euskal industriak azken 17 urteetan bilakaera handia izan baitu". 16 urteotan, Jaurlaritzak 469 milioi euro zuzendu ditu kreditu itzulgarrietarako, eta horrek 2.010 milioi eurotik gorako inbertsio pribatua eta 13.390 enplegu berrien sorrera eragin du.

Gauzatu programaren helburu nagusiak dira garatzeko eta merkaturatzeko zailtasunak eta dituzten industria balio handiko enpresen aldeko diskriminazio positiboa egitea, eta kalitate eta balioi erantsi handiko inbertsio pribatuak sustatzea, kreditu itzulgarrien bidez.

Halaber, enplegu berria sortzea eta gaur egun dagoena mantentzea, eta
berrikuntza teknologikoa eta ez teknologikoa sustatzea bilatzen ditu, azken urteotako bilakaera teknologia kontuan izanik. Enpresei laguntzeko finantzaketa tresnen eta ereduen eskaintza indartzea da programaren beste helburuetako bat.

Aurtengo deialdiaren berritasun eta ezaugarriei dagokienez, Gauzatu 2017 programak balorazio irizpide berria hartuko du kontuan, eta, beraz, inbertsio zenbatekoaz eta enpleguen sorreraz gain, aintzat hartuko ditu 4.0 industriarekin lotzen diren inbertsioak.

Era berean, bereziki kontuan izango dira berrikuntza ez teknologikoko irizpideak, hala nola erantzukizun sozial korporatiboko politikak, berdintasun planak, euskara planak, berdinkatze planak, kudeaketa aurreratua eta langileen partaidetza planak.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa izan behar dute, eta, aldi berean, enplegua mantentzea edota sortzea ekarriko dute, gehienez 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak enpresa berriei ematen dien laguntzak gehienez inbertsioaren %35 izan beharko du, eta proiektuko 1,5 milioi euroko inbertsioa izango da gehienez.

BURDINBERRI

Arantxa Tapiak Gasteizko Burdinberri enpresari egindako bisitan iragarri du Gauzatu programaren 2017ko deialdia ekainaren lehen hamabostaldian irekiko dela eta, beraz, enpresak haien proiektuetan lanean has daitezkeela jada.

Tapiarekin batera, Javier Zarraonaindia Industria sailburuordea eta Alejandro Lopez Carcamo Industria Garatzeko zuzendaria izan dira bisitan. Tapiak gogorarazi du industriari laguntzeko programen osotasuna ETEei soilik zuzentzen zaiela, eta enpresa horiek direla "Euskadiko enpresa ehunaren bihotza".

"Gaur bisitatzen ari garen Burdinberri enpresaren moduko enpresak dira industria osagarriaren errealitatea, lehen kalitateko hornitzaileen sarea ehotzen dutenak eta enpresa traktore handiagoak elikatzen dituztenak. Enpresa handi eta traktore horiek izenez eta dimentsioz ezagunagoak diren arren, Burdinberri enpresaren moduko enpresa osagarriei esker dira gaur egun direna", adierazi du.

Burdinberri enpresak 64 langile ditu eta Gasteizen kokatuta dago. Kalitate handiko mekanizazioa eskaintzen die teknologia intentsiboko sektoreei, batez ere aeronautikako sektoreari. Enpresaren jarduera tresneria aeroespazialean oinarritzen da (ingeniaritza, mekanizazioa eta abian jartzea), eta zuzenean lan egiten du Aernnova edo Areva moduko bezeroentzat. Airbusaren tier-1 hornitzaileen artean dago.

Burdinberrik, etengabe eguneratzeko ahaleginaren barruan, eta inbertsio plan zorrotzen bidez, sei milioi euro bideratu ditu beste nabe bat gaitzeko. Nabe horretan ahalmen eta onura teknologiko handiko hiru fresatzeko makina instalatu ditu.