Gazte getxotar bati egokitu zaio antolatutako "Gidabaimena euskaraz" kanpainan zozkatutako bidaia

Actualizado: miércoles, 16 febrero 2011 12:35

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Joseba Legarreta Gonzalez 19 urteko gazte getxotarrari egokitu zaio "Gidabaimena euskaraz" kanpainan zozkatutako Interrail lau pertsonentzako bidaia. Kanpaina hainbat udalek antolatu zuten iaz, gidabaimena euskaraz prestatzea eta azterketa egitea bultzatzeko helburuarekin.

Getxoko Udaletik (Bizkaia) jakinarazi dutenez, kanpainan, alde batetik, autoeskolei euskarazko materiala eskaini zieten, euskarazko eskaintza izan zezaten eta Getxoko bederatzi auto-eskolek hartu zuten parte; Bizkaian guztira 29k. Getxon 700 esku-liburu banatu ziren doan aipatutako auto-eskolen artean eta diru-laguntzetan 1.232 euro eman ere, beraiek material gehiago erosteko.

Bestalde, hiru gaztek egin zuten azterketa euskaraz, hain zuzen ere, Getxoko batek, Erandioko batek eta Uribe Kostako Mankomunitateko hirugarren batek. Beraien artean egindako zozketaren lau lagunentzako bidaiaren irabazlea gazte getxotarra izan da eta atzo bertan eman zioten saria Aiboa Institutuaren ondoan dagoen Bide Heziketako pistan, Garbigunetik hurbil.

"Pozik gaude kanpainan Getxoko auto-eskolek emandako erantzunarekin eta agertu duten interesarekin. Bestalde, argi dago azterketa euskaraz egiteko herritarrak animatzen segitu behar dugula, eta aurrerantzean hori egingo dugu", adierazi du Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Euskara zinegotziak.