DONOSTIA, 9 Feb. (EUROPA PRESS) -
Gipuzkoako Foru Aldundiak gazte lokaletako suaren prebentzio kanpaina jarri du abian Sueskola Fundazioaren eskutik. Horrela azaldu dute gaur Zerbitzuetako foru zuzendari Maider Zigandak eta Fundazioko zuzendari Iñigo Aldasorok Sueskolara egindako bisitan, Ordizian. Hala, Aldundiak 2.500 liburuxka ale bidaliko ditu Gipuzkoako udalerrietara, hauek gazteen lokaletara helaraz ditzaten.
Zigandaren hitzetan, "kanpaina honen helburua, lokal hauetan bildu ohi diren gazteei istripuak ekiditeko kontuan hartu beharreko irizpideen berri ematea da. Izan ere, negua da urteko garai arriskutsuena, hotza dela eta erabiltzen diren berogailu sistemek sor ditzaketen arriskuen ondorioz".
Azken bost urteetan, 21 sute izan dira gazteek erabilitako egoitza, lonja edo txaboletan, gehienak neguan. Koltxoi edo sofak erre izan dira halakoetan, zenbaitetan, barruan sua egitearen ondorioz; bestetan hautsontzia zakarrontzian husteagatik edo bestelako zenbait prebentzio neurri ez hartzeagatik. Sute hauek gehienetan txikiak izan diren arren, zenbaitetan kalte larriak eragin dituzte etxeetan. "Kopuru hori murriztu nahi da oso eraginkorrak izan daitezkeen prebentzio neurriak ezagutaraziz", adierazi du foru zuzendariak.
Iñigo Aldasorok Sueskola Fundazioak prebentzioaren arloan egiten duen lana azpimarratu du. Sueskola, 2009. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak eraturiko Fundazioa, suteen prebentzio eta itzalketa alorreko prestakuntzan lan egiten duen entitate bat da eta Ordizian du egoitza.
2011. urtean, bere jardueraren orokortasunena, Sueskola Fundazioak 4.000 pertsona baino gehiago trebatu zituen suteen prebentzio eta itzalketa alorrean, hala nola prebentzio alorrean prestatzera Sueskolara gizabanako gisa datotzen norbanakoak, lan arriskuen arloan enpresek antolaturiko prebentzio eta itzalketa ikastaroak aurrera eramaten dituzten enpresa ezberdinetako langileak, eta larrialdi zerbitzu ezberdinetako kideak, bai suhiltzaile, bai polizia edota babes zibileko kideak.