Gazte Sortegiak sormen laborategiak "eskola forma" izango du datorren ikasturtean Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean

Publicado: sábado, 26 mayo 2018 13:28

GASTEIZ, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Gazte Sortegiak sormen laborategiak "eskola forma" hartuko du 2018-2019 ikasturtean, eta urritik apirilera bitartean garatuko da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero. Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikusentzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren.

Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte. Behin betiko matrikula irailaren 10etik 24ra egin beharko da, eta eskolak 100 euroko prezioa du, Oihaneder Euskararen Etxeko iturriek asteazken honetan jakinarazi dutenez.

Gazte Sortegiak sormen laborategia Oihaneder Euskararen Etxeak, GEU elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta, eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak eta Vital Fundazioak babestuta.

Joan den apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio eskolak. 14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, Gazte Sortegiak sormen laborategiaren helburuak dira lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea du.

Horrela, datorren ikasturtean, urritik apirilera bitartean garatuko da eskola Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17.00etik 18.30era bitartean. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

Ikasturtean zehar lau sormen laborategi landuko dira. Hasteko, urriaren 1etik azaroaren 5era, Oihane Perea Arabako Bertsozale Elkarteko eragile eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak "Bertsoa jolas" izeneko lantegia gidatuko du. Bertan, jolasen bitartez errima, doinuak, inprobisazioa eta hitza landuko dira, bertso sorta desberdinak sortuz.

Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du: "Musikaz egin". Azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean izango da. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta, musikaren egungo errealitatean sakondu eta abesti berriak sortuko dira sorkuntza prozesu osoa biziz: melodia, instrumentuak, hitza eta grabazioa.

ANTZERKIA, DANTZA ETA ZINEMA

Halaber, Unai Lopez de Armentia antzerkilari eta Baratza aretoko arduradunak antzerkia eta dantza uztartuko ditu "Antzerki-dantza" laborategian. 2019ko urtarrilaren 7tik otsailaren 11ra gorputz adierazpenaren bitartez dinamika desberdinak proposatuko ditu, talde entzumena eta inprobisazioa lantzeko, edota akatsen aurrean jarrera asertiboa izateko.

Azkenik, Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai "Zer daki begiak soinuez?" galderaren testuinguruan, 2019ko otsailaren 18tik apirilaren 1era. Zinemaren marko teorikotik abiatuta, eskolako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adieraziko
dituzte, zinemaren aukera eta mugetan arreta jarriz.

Eskolak 100 euroko prezioa du, amaierako asteburua barne. Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte, eta behin betiko matrikula irailaren 10etik 24ra egin beharko da. Interesdunek Oihanederren webgunean (www.oihaneder.eus) edo sortegiak@oihaneder.eus posta elektronikoaren bitartez eman beharko dute izena, izen-abizenak, NAN, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta posta elektronikoa zehaztuz. Plazak mugatuak dira, eta, beraz izen-emate hurrenkera errespetatuko da.