Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketa batekin hasi da 2015ko Beldur Barik programa

Actualizado: viernes, 11 septiembre 2015 14:06

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Emakundek euskal erakunde guztien laguntzarekin sustaturiko Beldur Barik programa abian da, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezkoak sarituko dituen lehiaketa batekin. Gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentzioako jarrerak sustatu nahi ditu programak.

   Azaroaren 28an Amurrion (Araba) ospatuko da Beldur Barik Topaketa, non lehiaketaren sari banaketa, tailerrak, erakusketak eta bestelako ekintzak antolatuko diren, Emakundeko arduradunek Amurrion bertan egindako aurkezpenean azaldu dutenez.

   Beldur Barik Emakundek antolatzen du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelen babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EiTBren laguntzarekin.

   Programaren aurteko xehetasun eta ekimen guztiak azaltzeko ekintza bat burutu da Amurrioko gune desberdinetan, udalerriko eta Aiarako kuadrilako gazteen parte hartzearekin. Gune hauek, aldez aurretik eta Beldur Barik ekimena erabiliz aurreikusitako gune ilunak dira. Ekintza hau guztion artean burutu da, baina gune ezberdinetan. Aurkezpena, udalerri eta Aiaraldeko gazteek eta programaren diseinuan parte hartzen duten berdintasun teknikariekin batera egin dute.

   Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

   Lanak aurkezteko epea ostiral honetan ireki da eta azaroaren 11n itxiko da. Parte hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan 224 lan eta 1.357 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dute, beraz, urtero lehiaketaren harrera ona handitzen doala.

   Programak, gainera, gazteekin batera Beldur Barik jarrera garatzeko, www.beldurbarik.org webgunea eta hainbat sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta Spotify) perfil propioa ditu. Sortutako eduki eta elkarrekintzekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.

JARRERA

   "Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa isladatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak", adierazi dute aurkezpenean.

   Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko  herriaren saria emango da. Halaber, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria emango da, 300 euroko saria jasoko duena.

   Epaimahaia honako hauek osatuko dute: proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariak; sorkuntza, kultura eta hezkuntza  arloekin lotutako emakume feministak; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideak. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herriaren saria, berriz, Beldur Bariken Youtube kanalean egindako herri bozketak erabakiko du. Proposamenak izena emateko galdetegian itsatsiko dira.

   Aurten, saritutako lanak azaroaren 28an ezagutuko dira, Beldur Barik Topaketan. Urtero antolatzen den topaketa da, zeinetan jai giroan eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen diren. Topaketa, aurten, Amurrion ospatuko da.