Gazteen Euskal Behatokiak etengabeko sei ikastaro eta bi espezializazio programa antolatu ditu 2011rako

Actualizado: lunes, 21 marzo 2011 18:07

BILBO, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak, Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez, 2011ko prestakuntza-planean sarturiko jarduerak hasi ditu. Gazteria Zuzendaritzak, gazteen arloan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatze aldera, etengabeko sei ikastaro eta bi espezializazio programa antolatu ditu 2011rako.

Horrela, Gazteria Zuzendaritzatik adierazi dutenez, 2011ko prestakuntza-plana "Gazteen mugikortasun-baliabideak Europar Batasunean" ikastaroarekin hasi da gaur, Bilbon, Gazteen Euskal Behatokian, eta bihar eta etzi jarraituko du. Ikastaroaren helburua da Europar Batasunak eta gainerako administrazioek mugikortasunaren arloan eskaintzen dituzten aukera guztiak biltzea, enplegu-, prestakuntza- eta lankidetza-aukeretan eta hizkuntzen ikaskuntzan sakonduta.

Apirilaren 5ean, 6an eta 7an "Immigrazioa eta gazte-politikak" ikastaroa emango da Donostian. Kultura-aniztasun esanguratsuko testuinguruetan gauzatzen diren gazte-politika eta -programak aztertzeko eta bideratzeko gakoak ematea da ikastaroaren helburua. Etorkin gazteekin esku hartzeari buruzko planteamendu eta estrategiarik adierazgarrienetako batzuk azalduko dira, bai eta zailtasunetan, esperientzietan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garatutako jarraibide egoki batzuetan sakonduko ere.

Halaber, apirilaren 12an, 13an eta 14an emango den "Nola arnasten dute gure gazteek interneten?" ikastaroari esker, profesionalek gizarte-sareen eta euren berariazko lengoaien erabilerari buruz dituzten ezagutzak gaurkotuko dituzte. Teknologia berrien bidez, gazteekin elkarreraginean aritzeko moduak proposatuko dizkie ikastaroak. Bilbon emango da kurtsoa, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan.

MAIATZEAN

Maiatzaren 10ean, 11n eta 12an "Cyberbullying: prebentziorako jarraibideak eta arazoak konpontzeko moduak" ikastaroa emango da. Bertan, gaiari buruzko azkeneko ikerketak, esku hartzeko estrategiarik egokienak eta gure inguruan berriki abiarazi diren baliabideak emango dira ezagutzera.

Bosgarren ikastaroa "Maitasuna, bikotea eta tratu txarrak: gazteengan ere bai?" izango da eta Bilbon egingo da maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 1ean. Ikastaroaren xedea da genero-indarkeriaren kausetan sakontzea eta bikote gazteengan ager daitezkeen egoerak eta portaerak azaltzea, bai eta prebentziorako baliabideak eskaintzea ere.

2011ko etengabeko prestakuntza irailean amaituko da, hain zuzen ere, hilaren 20an, 21ean eta 22an emango den "Gazte ekintzaileak: ekiteko irakaskuntzan lanean, hainbat testuingurutan" ikastaroarekin. Gazteenengan berrikuntza eta sormena sustatzean eta ekimen-gaitasunak garatzean datza prestakuntza-saioa.

Etengabeko prestakuntzaren osagarri, oinarrizko prestakuntzako eta prestakuntza espezializatuko programak eskainiko dira 2011ko azken hiruhilekoan. "Gazte-politika publikoei buruzko oinarrizko prestakuntza" gazteekin esku hartzeko proiektuen plangintza, programazioa eta aplikazioa gauzatzeko funtsezko kontzeptu eta tresnekin lan egiteko parada izango da. Era berean, gaikuntza eskaini nahi zaie administrazioaren maila guztietako eta gazteekin lanean dabiltzan entitateetako profesionalei.

Azkenik, "Bakeari eta Giza Eskubideei buruzko prestakuntza-programa" eskainiko da. Programak bakearen eta Giza Eskubideen funtsak aztertuko ditu. Era berean, bitartekaritza eta gatazkak landu eta erregulatzeko tresnak jorratuko ditu. Bi programok Bilbon egingo dira, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan.