Gazteen Euskal Behatokiak "Europa Helmuga Gida 2015" kaleratu du

Actualizado: martes, 7 julio 2015 17:26

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Gazteen Euskal Behatokiak "Europa Helmuga Gida 2015" argitaratu du, Europa zabalean bidaiatzeko, ikasteko edo lan egiteko on line baliabide multzo "ezin osatuagoaren" berri emateko. Mugikortasunerako gidaren laugarren edizioak 1.000 webgune baino gehiagorako estekak biltzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazi duenez.

   Gidak ohiko zenbait zalantza argitzen ere laguntzen du, hala nola zein den Europar Batasuneko herrialde batera bidaiatzeko edo bertan bizitzeko behar den dokumentazioa, gidabaimenak Europako herrialdeetan balio duen ala ez, hizkuntzak nola ikas daitezkeen dirurik gastatu gabe, nola egin behar den beste herrialderen batean balioko duen curriculum, nola kontakta daitekeen au pair gisa lan egiteko agentzia batekin, edo non gara daitekeen boluntario laneko esperientziaren bat.

   Esan bezala, gidaren bitartez, 1.000tik gora web orrialdetara jo ahal izango da, eta bertatik bidaia antolatu, hizkuntzak ikasi, beste herrialde batean lan bat aurkitu, beka bat eskatu, gazteen arteko truke batean parte hartu, ikasketak baliozkotu edo Europako curriculuma prestatu.

   Gidaren gaurkotze lana Antonio Jesús Rodríguez Martínezek egin du; aurreko edizioak ere atondu zituen berak. Nazioarteko mugikortasunaren alorrean aholkularia da, eta hainbat urtetatik hona Gazteen Euskal Behatokiarekin dihardu elkarlanean bai gida hau prestatzen bai gazteriaren esparruan lan egiten duten profesionalei formazio ikastaroak ematen.

   Edizio honetan egileak informazio berri interesgarria erantsi dio gidari, besteak beste, Gazte Bermearen europar programa, Europako gaitasunen pasaportea, Erasmus + programaren berrikuntzak hizkuntzak ikasten laguntzeari eta ekintzailetzari dagokienez, herrialdez herrialdeko titulazioen homologazioa, italiera edo portugesa bezalako hizkuntzen ziurtagiri, azterketa eta ikastaroak, hainbat herrialdetan boluntario lanetan diharduten erakundeen zerrendak, eta askoz gehiago.