Gazteen Gurutze Gorriak ate irekien jardunaldi bat egingo du bihar Bilbon

Actualizado: viernes, 30 septiembre 2011 11:17

BILBO, 30 Sep. (EUROPA PRESS) -

Gazteen Gurutze Gorriak Ate Irekien Jardunaldia antolatu du Bilbon biharko, urriaren 1erako, herritarrei boluntario gazteek burutzen dituzten lanak ezagutzera emateko eta programazioan parte hartzera animatzeko. Ekimena Txurdinagako Julian Gaiarre etorbidean egingo da, arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara.

Gurutze Gorriko iturriek adierazi dutenez, jardunaldian aisialdiko ekimen ugari antolatuko dira, bertaratzen direnen gozamenerako. Gazteen Gurutze Gorriko zortzi boluntariok eskulan-tailerrak eskainiko dituzte (giltzatakoak, lore itxurako argazki-markoak, orri-markagailuak), eta baita globoekin irudiak egiteko eta aurpegiak margotzeko tailerrak, eta txikienentzako twister lehiaketa ere.

Gazteen Gurutze Gorria Espainiako Gurutze Gorriaren atal gaztea da, eta 8 eta 30 urte bitarteko haur eta gazteek osatzen dute. Gazteen Gurutze Gorriak ez dauka izaera juridiko propiorik, eta gazteen elkarte bat da, eraldaketa helburu duen ekintza baten bidez gizartearekiko duen konpromisoa garatzen duena. Horretarako, elkartea Gurutze Gorriaren Nazioarteko Mugimenduak eta Ilargi Erdi Gorriak ezarritako Oinarrizko Irizpideak jarraitzen ditu: gizatasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna, independentzia, izaera boluntarioa, unitatea eta unibertsaltasuna.

Mundua aldatzea da boluntario gazteek eguneroko lanaren bitartez lortu nahi dutena, hots, "inguratzen gaituena aldatu behar bezalako bizitza-proiektu bat garatzea ahalbidetzen duen, eta bidezkoagoa eta adeitsuagoa den gizarte bat lortzeko, balioetan oinarritutako hezkuntza eskainiz, ohitura osasungarriak eskuratuz eta pertsonak gizarteratuz".