Gazteenen artean garraio publikoaren erabilera eta opera zaletasuna sustatuko dute Bizkaibusek eta OLBEk

Bi erakundeetako arduradunak
OLBE
Actualizado: lunes, 23 octubre 2017 13:36

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak eta Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak (OLBE) berritu egin dute bien arteko lankidetza akordioa, ABAO Txiki izeneko denboraldiaren barruan 12 urtetik beherako Bizkaiko adingabeen artean garraio publikoaren erabilera eta opera zaletasuna bultzatze aldera.

Horrela jakinarazi dute astelehen honetan OLBEren egoitzan, Bilbon, Vicente Reyes Bizkaiko Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatuak eta Juan Carlos Matellanes OLBEren lehendakariak.

Guztira, 400 sarrera banatuko dira, 2017-2018 ekitaldiko ABAO Txiki egitaraua osatzen duten lau obretako bakoitzerako 100. "Toyshop, el mundo mágico de los muñecos" (azaroa 4 eta 5), "Cuento de Navidad" (urtarrilak 3, 4 eta 5), "Pedro eta Otsoa" (martxoak 10 eta 11) eta "Allegro Vivace" (maiatzak 26 eta 27) dira lau opera ikuskizunak.

Heldu batek lagundurik operaren bat ikusi nahi duen 12 urtetik beherako bizkaitar bakoitzak Bizkaibusi eta ezagutzen dituen operei buruzko galdera sorta txiki bat bete beharko du (galdera sorta hori www.abao.org webgunean eskura daiteke). Galdera sorta bete ondoren, OLBEren bulegoetan utzi behar da (José Maria Olabarri, 2-4 beheko solairua, Bilbo), eta jarraian, ikusi nahi den opera hautatu eta gonbidapenak jaso.

Gainera, Bizkaibus autobus bat dakarren kartoi mehezko lamina bat, muntatzekoa, eta Bizkaiko autobusezko garraio publikoaren historia laburra jasotzen duen liburuxka bat banatuko dira.

GALDERAK

Honelakoak dira galderak: adingabea Bizkaibusen inoiz ibilia den, autobusak zein koloretakoak diren badakien, zenbat urtera arte bidaiatu daitekeen doan, zein txartel erabiltzen den garraiobide honetan
bidaiatzeko eta etxeko animaliaren batekin bidaiatu daitekeen. Halaber, Bizkaibusen bidaiatzearekin loturik dagoen istorioren bat kontatzeko edo argazki adierazgarriren bat egiteko ere eskatuko zaio adingabeari.

Operarekin loturik dauden gaiak ere badaude: adingabeari gustatzen zaion edo inoiz joan den operaren bat ikustera. Kasu honetan ere marrazkiren bat egiteko edo operarekin loturik dagoen istorioren bat kontatzeko eskatuko zaio adingabeari.

Ekimen hau Bizkaiko zenbait irratiren bidez eta sare sozialen bitartez zabalduko da, opera bakoitza estreinatu baino bi edo hiru aste lehenago hasita.

ABAO Txiki opera denboraldia 28 urtean garatzen ari den OLBEren egitarau didaktikoaren barruan dago, eta 190 ikastetxek eta 20.000 ikasle baino gehiagok hartaz gozatzeko aukera izaten dute urtero. Halaber, ABAO Txiki egitaraua sustatzeko, Bizkaibusek eta OLBEk eskuko 10.000 programa inguru banatuko ditu Bizkaiko ikastetxeetan, ikastoletan, musika eskoletan eta beste ikastegi batzuetan.