GdM Donostia Moda Festival maiatzaren 4tik 7ra izango da, "berrikuntzaz beteta"

GdM Donostia Moda Festivalen bosgarren edizioa aurkeztu dute
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 24 abril 2017 13:24

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

GdM Donostia Moda Festival jaialdiaren bosgarren edizioa "berrikuntzaz beteta" ospatuko da maiatzaren 4tik 7ra bitartean. Donostiako San Telmo museoan eta Getariako Balenciaga museoan egingo dira programa osatuko duten desfile eta jarduera nagusiak.

Laura Chamorro jaialdiaren zuzendariak astelehen honetan Donostian egin den aurkezpenean azaldu duenez, "jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsu bat eman dugu, sektorearen zati handi bati ordezkaritza eta ikusgarritasuna eskainiz".

"Gaur egun nazioarte mailako proiekzioa duten diseinatzaile batzuk bertan izateak edo Balenciaga eta San Telmo museoak bezain leku enblematikoetan egiteak berresten dute gaur egungo eta etorkizuneko ekitaldi batez ari garela. Ezinbestekoa zen sektore hau berrartzea eta ikusgarri egitea, eta GdB Donostia Moda Festival Madrilgo edo Bartzelonako pasarela nagusien osagarri bihurtu da", gaineratu du.

Edizio honetan, The 2nd Skin Co. etxea gonbidatu dute Balenciaga museoan desfilatzera, eeta maiatzaren 4an, 2017-2018 denboraldiko udazken-negu bildumako silueta markatuek, toles handiek, bolumenek, maukek eta parpailek hartuko dute Getariako museoa. Antonio Burillo eta Juan Carlos Fernandez markaren sorkuntza zuzendariak izango dira jaialdiaren lehen eguneko protagonistak, eta euren diseinurik onenen atzera begirakoa eskainiko dute.

Jaialdiaren lehen egunean lan dinamika eta hausnarketarako espazioa ere izango dira. GdM Donostia Moda Festival goizean goiz hasiko da GK Green Fashion-ek sustatutako hitzaldi eta tailerrekin. Hain zuzen, hori izango da edizio honetako berrikuntzetako bat. "Ezinbestekoa zen Slow Fashion izeneko korronte horri lekua egitea, eta lehen mailako profesionalekin egingo dugu gainera", Felix Asensio Gipuzkoako Aldundiaren Ingurumeneko zuzendariak aurkezpenean azaldu duenez.

Bestalde, ekonomia zirkularrean eta ehungintza industria iraunkorrean aditu diren Gemma Gomezek (Slow Fashion Next), Disni Jayasuriak (The Ethicologist) eta Iranzu Sainz de Murietak (Sinnple) sektore profesionalari eta publiko orokorrari begirako programa zuzenduko dute.

Bigarren egunean, maiatzaren 5ean, mahai inguruak eta eztabaidarako denbora izango dira, Donostia Moda Klusterraren eskutik. The 2nd Skin Co. markako arduradunak, ospe handiko diseinatzaileak eta Gipuzkoako enpresetako zuzendariak tokiko markak nazioarteko bihurtzeko estrategien inguruan mintzatuko dira. Gainera, prestakuntza tailerrak ere izango dira, "Made in - made by San Sebastian" produktuen salmenta bultzatzen duten diseinatzaileentzat.

DESFILEAK

Maiatzaren 6an, San Telmo eliza "argiz, soinuz eta kolorez jantziko da", desfile eguneko agertoki bilakatzeko. Goizean, Gipuzkoako zortzi diseinatzailek eta marka anitzeko zazpi saltokik 2017ko udaberri-udako mikrobildumak aurkeztuko dituzte.

Arratsaldean, The 2nd Skin Co. markaren 2017ko udaberri-udako bigarren bilduma aurkeztuko da lehenik, eta Isaben Zapardiez diseinatzaileak Euskal Herrian aurkeztuko duen 2018ko Ohrigami bildumaren aurkezpen ofiziala izango da ondoren.

Puntako desfilea osatuko dute arratsaldean larrukigintzako BOX San Sebastián firmaren estilo atenporalak, Zergatik markaren bilduma koloretsu berriak, Amaia Txabarriaren lentzeriak eta bainuko arropak edo Juanjo Oliva by ECIk.

GdM Donostia Moda Festival jaialdiaren bosgarren edizioak lehiaketak, azokak eta maiatzaren 7ko pop up tradizionala ere izango ditu. Gainera, ekitaldia maiatzaren 13ra eta 20ra luzatuko da, Gros eta Antiguo auzoetako desfile txikiekin, "hiriko leku desberdinak dinamizatzeko eta saltokiek eskaintzen duten produktuaren berezitasunaren garrantzia azpimarratzeko", Emilio Andrades Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariak azaldu duenez.

Azken berrikuntza horrekin, bosgarren edizio honek balio katearen protagonista guztiak bilduko ditu, eta maiatza tokiko modaren sektorearentzat erreferente bihurtuko du.

"Tokiko diseinua sustatu behar dugu. San Sebastian eta Balenciaga markak aparteko aurkezpen gutuna dira kanpoan, eta horiek ere gure lurraldea erakargarri egiten dute kanpoan" adierazi du aurkezpenean Denis Itxaso Kultura eta Turismoko foru diputatuak.

Era berean, Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak esan duenez, urte eta erdiz aritu dira lanean Donostia Moda Klusterrean, San Sebastian markak eta hura osatzen dutenek nazioarteko garrantzia izan dezaten.