Gene berdinak dituzten pertsonen arteko desberdintasunak azaltzeko mekanismoak aztergai otsaileko "Elhuyar" aldizkarian

Kalean da otsaileko "Elhuyar" aldizkaria
Elhuyar Fundazioa
Actualizado: jueves, 2 febrero 2012 15:01

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

"Elhuyar. Zientzia eta Teknologia" aldizkariak gene berdinak dituzten pertsonen arteko desberdintasunak azaltzeko mekanismoak aztertu ditu otsaileko zenbakian, gai nagusi bezala, "DNA ez da dena" izenburupean.

Biki monozigotikoek izaten dituzte bata bestetik bereizten dituzten ezaugarriak, eta, adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiago. Desberdintasun horiek, ordea, ez dituzte geneetan gordeta izaten, eta gauza bera gertatzen da norbanako bakoitzaren zelulekin: zelula guztiek dute informazio genetiko bera. Kristalinoko zelulek, ordea, antz txikia dute urdaileko zelulekin, edo giharretako zelulekin. Desberdintasuna, kasu guztietan, informazio genetikoaren espresioan dago.

Geneen espresioan eragiten duen faktore-multzoari epigenoma deritzo, eta otsaileko "Elhuyar" aldizkariak kontatzen du epigenoma zer den, nola eragiten duen geneen espresioan eta zer garrantzia duen, adibidez, gaixotasunetan. Horretarako, Manel Esteller ikertzailea izan du lagun aldizkariak; Estellerrek minbiziaren epigenetika ikertzen du Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoko Institutuan, eta erreferentziazko pertsona da epigenetikaren arloan.

Gainera, besteak beste, otsaileko "Elhuyar" aldizkariak elkarrizketa egin dio Fernando Cossio Ikerbasqueko presidenteari; Berbatek euskarazko hizkuntza-teknologiei buruzko proiektua ere aztertu du, Igor Leturia bere zuzendariaren eskutik; Fukushimako hondamendiaz ere ari da, haren urteurrena iristear denean. Aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.