Genero indarkeriaren aurrean dituen jarduera protokoloak azaltzeko saioak emango ditu Ertzaintzak

Ertzainak informazio saioetako batean
IREKIA
Actualizado: martes, 21 octubre 2014 17:15

BILBO, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako delituak prebenitzen eta borrokatzen lan egin ohi duten hainbat ertzainek parte hartuko dute aurten Emakundek sustatzen duen Berdintasunerako Gunearen bederatzigarren edizioan, eta informazio saiok emango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait udalerritan indarkeria sexistaren aurkako jarduera protokoloak ezagutarazteko. Lehenengo informazio hitzaldia Arraia-Maeztun (Araba) izan zen, astelehenean, urriaren 20an.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, informazio hitzaldiak izango dira EAEko sei udalerritan, eta haietan, genero indarkeriako kasuetan nola jarduten duten ezagutaraziko dute ertzainek. Agente horiek, gizon zein emakume, indarkeria sexistako auziez arduratzen dira egunero ertzain etxeetan, eta esperientzia handia dute eginkizun horietan.

Genero indarkerien biktimei arreta emateko ertzain etxeetan erabiltzen duten protokoloaren nondik norakoak azalduko dituzte saioetan. Horrez gain, arrisku mailaren banakako balorazioak egiteko zer urrats egiten dituzten (EHUrekin elkarlanean prestatutako baremoa aplikatuta) eta biktimen babes pertsonalerako neurriak hartzeko zer irizpide jarraitzen dituzten ere azalduko dute.

Emakundek zein Ertzaintzak genero indarkeriaren arazoaz ohartzera animatu dute gizartea, haren ondorioek gizarte osoan eragiten baitute. Halaber, irtenbideak bilatzea xede duten ekimen guztietan modu aktiboan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, bereziki prestakuntzako ekimenetan.