Geoparkearen kostaldeko garbiketa egingo da larunbatean, auzolanean

Geoparkearen kostaldea garbituko dute larunbatean, auzolanean
GEOPARKEA
Actualizado: miércoles, 24 mayo 2017 11:54

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkea Europako Geoparkeen Astean murgilduta dabil, eta aurtengo ekitaldirik nabarmenena Geoparkearen kostaldeko itsaslabarretan auzolanean egingo den garbiketa izango da, bertan pilatzen diren hondakinak eta plastikoak jasotzeko helburuarekin. Herritarrak inguruneak duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea du helburu ekimenak. Garbiketa larunbat goizean egingo da, maiatzaren 27an, itsasbehera aprobetxatuz, Deba eta Zumaia arteko biotopo babestuan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba).

Geoparkeak deia egin die ingurune natural hau zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintzan parte hartzeko Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei. Boluntarioen laguntza ez ezik, egunean bertan Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumaiako GKN enpresako langileek eta Surfrider Foundation Europe elkarteko kideek ere laguntza eskainiko dute.

Goizeko 08:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baitira labarretara. Deban, Alamedatik aterako da autobusa eta Zumaian, GKN enpresatik. Garbiketa hasi aurretik, antolatzaileek garbiketa lanak nola egingo diren azalduko diete boluntarioei. Ondoren, eskularruak banatuko zaizkie eta labarretara oinez jaitsiko dira, taldetan antolatuta. Zaborra biltzeko zakuak egun bat lehenago eramango dira tokira bertara. Gipuzkoako Aldundiko langileek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute.

Tokia harritsua denez, boluntarioei oinetako egokiak eta arropa erosoa eramatea gomendatzen zaie, baita kantinplora bete ur ere. Lanak amaitutakoan, jan-edana eskainiko zaie parte hartzaileei. Zakuetan jasotako hondakinak labarretatik Elorriagako atsedenlekuan kokatutako guneraino ateratzeko helikoptero bat erabiliko da. Han kamioiak jasoko ditu zakuak, hondakinak Elgoibarko garbigunera eramateko. Garbiketa lanak direla eta, Elorriagako atsedenlekua itxita egongo da goizez bisitarientzat (14:00ak arte).

IZEN EMATEA

Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez, www.geoparkea.com webgunearen bitartez edota geoparkea@geoparkea.com posta elektronikora idatziz eta honako datu hauek adieraziz: izen abizenak, NAN zenbakia, jaiotze data, posta elektronikoa eta telefonoa (datu pertsonalak segurua egiteko erabiliko dira).

Ekainaren 4ra bitartean denetariko ekitaldiak izango dira Deban, Mutrikun eta Zumaian Europako Geoparkeen Astearen harira, hala nola hitzaldiak, doako bisita eta ibilbide gidatuak, eta argazki lehiaketa. Egitasmoa Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin.

Europako Geoparkearen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei buruzko informazioa www.geoparkea.com atarian eta Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan eskura daiteke.