Geoparkeen Europako Astea asteazkenean hasiko da eta ondare kulturala nabarmenduko du

Bisitak egingo dira Geoparkean
GEOPARKEA
Actualizado: martes, 22 mayo 2018 16:55

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Geoparkeen Europako Astea zortzigarren aldiz egingo da Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkean, asteazkenetik, maiatzaren 23tik, ekainaren 10era bitartean, eta ondare kulturala nabarmendu du. Ekimena Europan egun dauden 71 geoparkeetan egingo da aldi berean, ondare geologikoa ezagutzera eman eta herritarrengan ondarearen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.

Geoparkeko arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengo edizioan egitarau aberatsa antolatu dute, publiko zabalari irekia. Besteak beste, hitzaldiak, zinea, tailerrak, ondare kulturala ezagutzeko bisita gidatuak, "Originala edo erreplika?" erakusketaren inaugurazioa, "Historiaurreko gizakia Geoparkean" marrazki lehiaketako sarien banaketa edota Geoparkeko 20 bat entitate biltzen dituen GeoparkeZaleak egitasmoaren aurkezpena. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira, doan.

Asteazkenean izango da lehendabiziko hitzordua, Zumaian. ZIIZ elkarteak antolatuta, Nafarroako industria ondarearen eta kulturaren ikertzailea den Victor Manuel Egiak hitzaldia emango du, "El Patrimonio industrial. ¿Olvido, desconocimiento o desinterés?" izenburupean. Oxford aretoan izango da, arratsaldeko 19.00etan.

Ostiralean, maiatzaren 25an, "Originala edo erreplika?" erakusketa inauguratuko da Algorri Interpretazio Zentroan. Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME) prestatutako erakusketa da eta bisitariek fosil eta mineral ezberdinen erreplikak benetako aleen ondoan ikusi ahal izango dituzte. Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Maiatzaren 30ean, Geoparkeak GeoTalks ekimenaren bigarren edizioa hartuko du, James Cameronek duela 15 urte Zumaian filmatu zuen "Volcanoes of the Deep Sea" dokumentalaren emanaldiarekin. Jarraian, solasaldi irekia egingo da eta itsaso sakoneko misterioen inguruan arituko dira bi zientzialari eta komunikatzaile ezagun: Thierry Juteau Bresteko Unibertsitateko katedradun emeritua eta Carlos Briones CSICeko Astrobiologia zentroko ikertzailea. Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoak moderatzaile lanak egingo ditu. Zientziari, bizitzari eta itsaso sakonari buruz arituko dira. Ekitaldia irekia izango da, Zumaiako Aita Mari zinean, 19.00etan.

GEOPARKEZALEAK

Halaber, maiatzaren 31an, GeoparkeZaleak ekimenaren aurkezpena egingo da Itziarko Itxaspe kanpinean. Geoparkeko 20 bat entitate biltzen ditu oraingoz egitasmoak. Ekitaldia 11.00etan hasiko da eta bertan egongo da Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.

Egun berean, arratsaldeko 19.00etan, Itziarko Burugorrin "Lurarren Bidean" dokumentala ikusteko aukera izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ekoitzi duten dibulgaziozko ikus-entzunezkoa da, geologia ardatz hartuta gure paisaia ulertzen laguntzen duena.

Ekainaren 1ean, publiko gaztea izango da protagonista, "Historiaurreko gizakia Geoparkean" marrazki lehiaketako sarien banaketarekin. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte lehiaketan, 6 eta 12 urte bitartekoak. Sarien banaketa Deban egingo da, 18.00etan. Ondoren, Debako plazan, "Ekain abentura" tailerra egingo da haur eta gaztetxoentzat, Ekainberriren eskutik.

Ekainaren 9an, Mutrikun bi ekimen egingo dira. Alde batetik, Beheko plazan, Merkatu Txikia egingo da, bertako ekoizleekin, eta 11.00etan, ardien ile mozketa erakustaldia egingo da. Beste alde batetik, Kantauri Garbia elkarteak portuko itsas hondoa garbitzeko deialdia egingo du. Garbiketan boluntario gisa parte hartu nahi duten herritar guztientzat zabalik da ekimena.

Gainera, urtero bezala, doako bisita gidatuak eskainiko ditu Geoparkeak. Beharrezkoa da aurrez izena ematea, taldeak mugatuak baitira. Interesa dutenek erreserba egin dezakete geoparkea.eus webgunearen bitartez, doan, #GPKastea promozio kodea erabilita.

ATE IREKIAK

Egitaraua osatzeko, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte beren baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko. Nautilusen, sarrera irekia izango da ostiralean eta larunbatean, maiatzaren 26an eta 27an, eta Algorrin, berriz, ate irekiak Geoparkearen Astean zehar egingo dira.

Aldi berean, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialen bitartez (@geoparkea), Geoparkeak lehiaketa abiatuko du. Parte hartzen dutenen eta galdera bati zuzen erantzuten diotenen artean, #geoparkea traola erabiliz, bisita gidatuak zozkatuko dira.

Geoparkeak 8.000 triptiko baino gehiago banatu ditu Geoparkeko etxe guztietan (Deban, Mutrikun eta Zumaian), Europako Geoparkeen Astearen berri emanez eta herritarrak parte hartzera gonbidatuz.