Geoparkeko mendien sorrera ezagutzeko mendi ibilaldia izango da larunbatean

Arbil mendia
GEOPARKEA
Actualizado: lunes, 11 diciembre 2017 16:15

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi ibilaldi gidatua antolatuko du datorren larunbatean, abenduaren 16an, bertako mendien sorrera ezagutzera emateko eta Mendien Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Itziarko plazatik abiatu eta Lasturren amaituko da ibilaldia, bertako tabernan mokadutxo bat eginez.

Geoparkeko arduradunek adierazi dutenez, itsaslabar ikusgarriez haratago, Geoparkea mendiz osatuta ere badago. Ibilbidean zehar, ingurunea ederki ezagutzen duten adituen azalpenak entzunez, mendi hauek gordetzen dituzten sekretuak hurbiletik ezagutzeko aukera izango da: nola sortu ziren, zergatik dute egun duten itxura, bertan aurkitzen diren altxor ezkutuak.

Goizeko 09:00etan Itziarko plazatik abiatu eta Arbil mendiaren balkoian egingo dute lehen geldiunea, bertako panoramika zoragarriaz gozatzeko. Ondoren, Lasturko bailara karstikora jaitsiko dira bertako kanaletik. Lasturko tabernan mokadutxoa egin eta autobusez egingo da itzulerako bidea Itziarrera.

Guztira, bazkaltzeko denbora eta autobusa kontuan hartuta, lau ordu eta erdiko ibilaldia izango da (09:00etatik 13:30era). Ibilbideak 6,6 kilometro ditu; gora 269 metroko desnibela du, eta behera, berriz, 399 metrokoa.

"Dudarik gabe, larunbatekoa aukera ezin hobea izango da Geoparkearen eraketa geologikoa ulertzeko, Andutz edota Arno mendien osatze prozesuak ezagutzeko edota Lasturko bailara ezkutua deskubritzeko", nabarmendu dute.

Ibilaldia euskaraz izango da, eta doan. Parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman behar dute 943 192 452 telefonora deituz (Debako Turismo Bulegoa) edo turismo@geoparkea.com posta elektronikora idatziz.