George Miller, 2015eko Fipresci saridun, "Mad Max: Fury Road" filmagatik

Actualizado: martes, 1 septiembre 2015 13:27

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   Fipresci Zinematografiako Prentsaren Nazioarteko Federazioko kideek George Miller zuzendari estatubatuarraren "Mad Max: Fury Road" filma aukeratu dute film onentzat, eta zuzendariak berak jasoko du 63. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian, irailaren 18an, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   2015eko Fipresci Sari Nagusiaren bozketan Federazioko 493 kidek hartu dute parte, mundu osokoak, eta mundu mailan 2014ko uztailaren 1aren ondoren estreinatutako filmen artean egin dute hautaketa. Lehen txandatik, azken bozketa atera zen, lau finalisten artean aukeratzeko: "Saul Fia / Son of Saul", "Nie yinniang / The Assassin", "Taxi Téhéran" eta "Mad Max: Fury Road".

   "Mad Max: Fury Road" joan den Canneseko Zinemaldian aurkeztu zen, Sail Ofizialean eta lehiaketaz kanpo. Lehen aldia da George Millerren film batek Fipresci Sari Nagusia eramaten duela; 1999 urtean saria sortu zenetik, besteak beste, Richard Linklater, Michael Haneke, Paul Thomas Anderson, Jafar Panahi, Pedro Almodóvar, Jean-Luc Godard eta Nuri Bilge Ceylan izan dira sariaren irabazleak.

   "Liluraturik nago! Zoragarria da horrelako kitikari talde on batek gure lana modu honetan balioestea", adierazi du George Miller zuzendariak berria ezagutu ondoren.

   "Mad Max: Fury Road" iragan maiatzaren 15ean estreinatu zen Espainiako Estatuan, Warner Bros. Pictures konpainiaren eskutik, eta Donostia Zinemaldian emanaldi berezi bat izango du, irailaren 18an, George Millerren presentziarekin. Millerri inaugurazio ekitaldian emango diote saria.