Gerd Albrechtek Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko du lehen aldiz

Gerd Albrecht zuzendari alemana
Foto: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Actualizado: martes, 24 enero 2012 15:36

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) kontzertuen programa berri bati ekingo dio urtarrilaren 26tik otsailaren 1era bitartean, Gerd Albrecht zuzendari alemanaren gidaritzapean. Kontzertu hauetan James Dillon-en "White Numbers" obra estreinatuko da, EOSek bere 30. urteurrena ospatzeko antolatutako "Tesela" proiektuaren baitan.

   Saioak urtarrilaren 26an eta 30ean izango dira Donostiako Kursaal Auditoriumean, 27an Gasteizko Principal Antzokian, 31n Iruñeko Baluarten eta otsailaren 1ean Bilboko Euskalduna Jauregian, orkestrako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

   Gerd Albrecht-ek (Essen, 1935) lehen aldiz zuzenduko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta berak estreinatutako obra bat dakar: Alexander Zemlinsky-ren "Cymbeline" suitea. 1914-1915ean konposatua, estreinatu gabe geratu zen I. Mundu Gerra hasi zenean eta Gerd Albrecht-ek suite moduan estreinatu zuen 1996an, Hamburgeko Orkestra Filarmonikoa zuzenduz. Suiteak Zesarren garaian Bretainiako errege Cymbeline eta bere alaba Imogen biltzen dituen drama giroa azaltzen du. Honen barne, "Lied des Cloten" sopranorako kantu laburra dago, oraingoan Petra Froesek interpretatuko duena.

   Bere ibilbide luzean Kasselgo Operako, Berlingo Deutsche Operako eta Copehnaghen-eko Daniar Irratiko Orkestra Sinfonikoaren titular izan ondoren, Gerd Albrecht-ek autore erromantikoen errepertorio aberatsa landu du, hala nola Zemlinsky, Fortner, Ligeti, Penderecki eta Schnittke bezalako konpositoreena. Gainera, XX. mende hasierako konpositoreak (Schoenberg, Berg, Webern edo Hindemith) landu ditu eta kontzentrazio eremuetako biktima izandako musikagile ahaztuen lanak ere berreskuratu ditu (Ullman, Klein, Haas).

   Era berean, Albrecht haur zein helduen musika hezkuntzaren arloan aritzen da. Haurrentzako hainbat liburu argitaratu du eta 1989an talentu gazteen garapena sustatzen duen Gazteentzako Musika Fundazioa sortu zuen. Halaber, Hotsaren Museoaren sortzailea da; bertan haurrek 50 musika instrumentu baino gehiagorekin esperimentatzeko aukera dute horretarako espresuki antolatutako tailerretan. Urtean 30.000 haur baino gehiago izaten dira Hamburg eta Berlingo egoitzetan.

   Gerd Albrecht zuzendari alemanarekin eskainiko duen egitaraua osatzeko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak orain bere errepertoriora gehituko duen Erwin Schulhoffen "2. Sinfonia" eta Beethovenen "3. Sinfonia. Heroikoa" izango dira entzungai.