Gero eta emakume gazte gehiagok uste dute lana eskuratzean sexuagatiko diskriminazioa dagoela

Actualizado: jueves, 7 marzo 2013 12:31

BILBO, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gero eta emakume gazte gehiagok uste dute lana eskuratzean sexuagatiko diskriminazioa dagoela, eta gainera, neskak mutilak baino gehiago arduratzen dira oraindik etxeko lanez, Gazteen Euskal Behatokiaren inkesta baten arabera.

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak emakume eta gizon gazteen arteko ezberdintasunei buruzko datu batzuk plazaratu ditu, lana eskuratzeko eta etxeko lanak banatzeko desberdintasunei buruzkoak, hain zuzen ere. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak 2012an 15 eta 29 urte bitarteko 750 neskari eta 750 mutili eginiko inkesta batetik datoz.

Inkesta horretan gazteei lanpostu bat eskuratzeko prozesuan zeudela imaginatzeko eskatu zitzaien. Lanpostua beren ikasketa eta prestakuntzari egokituta zegoen eta hautaketa prozesuan lehiakidea beren adin, prestakuntza eta esperientzia berbera zuen mutila edo neska zen (gazte bakoitzari beste sexuko lehiakidea zela esan zitzaion).

Inkestatuei lanpostua eskuratzeko aukera gehien zeinek zeukan galdetu zitzaien: mutilak, mutila izateagatik; neskak, neska izateagatik; edo uste zuten sexuak ez zuela inolako eraginik kasu horretan. Neska-mutil gehienek uste zuten hautagaien sexuak ez zuela eraginik, baina mutilek neskek baino neurri handiagoan zioten hori (%64 eta %57, hurrenez hurren).

Bestalde, nesken %28k uste zuten mutilak berak baino aukera gehiago zituela, mutila izateagatik, eta gauza bera zeritzoten mutilen %19k ere. Bakarrik nesken %9k eta mutilen beste horrenbestek uste zuten neskak aukera gehiago izango zituela, neska izateagatik.

Nesken pertzepzioak txarrera egin du 2008tik 2012ra, 2008an %23 baitziren gizonak aukera gehiago zituela uste zuten emakume gazteak. Beraz, esan daiteke lana eskuratzean sexuagatiko diskriminazioa dagoela uste duten emakume gazteen portzentajea bost puntu igo dela lau urte hauetan.

Aitzitik, gizon gazteek beren aldeko desberdintasun gutxiago antzematen dute orain (%19) lehen baino (%23), eta 2012an 2008an baino apur bat gehiago dira emakumeek gizonek baino aukera gehiago dituztela deritzoten mutilak (%9 eta %6, hurrenez hurren).

ETXEKO LANAK

Bestetik, inkesta horretan bikotekidearekin (ezkonduta egon zein ez) bizi ziren gazteei eskatu zitzaien azaltzea nola banatzen zituzten bikotekideak eta berak etxeko lanak, hala nola garbietak, otorduak prestatzea, erosketak eta abar.

Horrela, bikotekidearekin bizi ziren emakume gazteen %40k adierazi zuten beraiek egiten zituztela etxeko lan guztiak edo gehienak, %45ek erdi bana egiten zituztela zioten eta bakarrik %1ek esan zuen bikotekideak egiten zituela.

Bikotekidearekin bizi ziren mutil gazteen artean, aldiz, %26k aitortu zuten beren bikotekideak egiten zituela etxeko lan guztiak edo gehienak, %51k bien artean egiten zituztela esan zuten eta %8k beraiek egiten zituztela adierazi zuten.

Mutilek zein neskek diote neskek lan gehiago egiten dutela etxe barruan, baina mutilen artean nesken artean baino gehiagok diote mutilek ere egiten dituztela etxeko lanak, bikotekidearekin partekatuta edota bakarrik, hau da, etxeko lanen banaketa dela-eta, desberdina da gizon eta emakume gazteen pertzepzioa edo aitormena.

Gauza bera gertatzen zen 2008an; orduan ere askoz handiagoa zen mutilen artean (%64) nesken artean baino (%48) etxeko lanak bien artean egiten zituztela ziotenen portzentajea.

Beraz, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, "lan handia dago egiteko", bai neskek bai mutilek esaten baitute baldintza berdinetan mutilek aukera gehiago dituztela lana eskuratzeko, eta etxeko lanetan neskek zama handiagoa jasan behar dutela.