Gervasio Sanchez argazki-kazetariak mintegi-tailer bat emango du aste honetan Bilbon

Gervasio Sanchez
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 22 mayo 2017 18:06

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Gervasio Sanchez argazki-kazetariak mintegi-tailer bat emango du BilbaoArte gunean asteartetik ostegunera bitartean, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoko zentroak antolaturiko "Argazkigintzaren bihilekoa" ekimenaren baitan. Mintegia bukatu ondoren, Sanchezek hitzaldi irekia emango du ostegunean, maiatzaren 25ean, arratsaldeko 19:15ean, BilbaoArten bertan.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Gervasio Sanchez Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan lizentziatu zen, Kazetaritzan. 30 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, "erreferentzia handia da argazki-kazetaritzan". Gatazka armatuetan espezializatu zen eta 1988an Heraldo de Aragón egunkarira heldu zen. Hango berriemaile berezia izan zen Golkoko Gerran. Gainera, argazki kamerarekin garai bateko Jugoslavia, Afrika, Latinoamerika eta Asiako tragediak bizi izan ditu. Bosnia, Ruanda edo Somalian ere atera ditu argazkiak.

Orain, BilbaoArtek apirilean eta maiatzean antolatu duen "Argazkigintzaren bihilekoa" ekimenean mintegi-tailerra emango du, "La dignidad es lo que importa" izenburupean. Bertan, azken urteotako argazki-kazetaritza aztertuko du, 1980ko hamarkadatik gaur arte izandako gertakari tragikoen bitartez, argazki-kazetariaren lanaren gogortasuna azpimarratuz.

Sanchezez kontatuko du ez dela sentsazionalismoan erori behar gizakiaren drama kontatzeko. Ikuspegi horretatik, argi utziko du argazki-kazetari batek zehatza izan behar duela lana planteatzeko moduan, bere inguruan gertatzen diren tragediak dokumentatu behar dituela eta errealitatea erakusteko beste modu batzuk bilatu behar dituela.

Gainera, kazetaritzaren azterketa kritikoa egingo du, "batez ere telebistakoa, merkataritzaren gorabeheren menpe baitago eta, logikoki, informatzeko betebeharretik gero eta urrunago baitago. Orain 20 urte, istorio batek hiru minutu irauten zuen telebistan eta gaur egun hamar segundoko albistetxoa baino ez da".